Herri galdeketetarako boluntarioak behar dituzte Urrats eta Brankan taldeek

Urola Kostako Hitza 2017ko martxoaren 22a

"Maiatzaren 7ko herri galdeketa eguna gainean dugu. Festa egun handia izango da, baina lan asko ekarriko du, eta guk bakarrik ezin izango dugu dena egin", adierazi du Azkoitiko Urrats taldeak. Herri galdeketak antolatu eta lanak banatzen hasteko asmoz, bilerak deitu dituzte datozen egunetarako Azkoitian eta Getarian. Getarian, Brankan taldeak martxoaren 23rako deitu du batzar irekia. 19:00etan elkartuko dira Alhondegian, eta bertean, besteak beste, herritarrei informazioa eman eta haien zalantzak jasotzen arituko dira. Horrez gain, aurreikusten dute maiatzaren 7an boluntarioak beharko dituztela, eta lanean aritzeko izena emateko aukera ere zabalduko dute. Azkoitian, berriz, martxoaren 29an egingo dute bilera, 19:00etan, Elkargunean. Han ere informazioa eman eta lanak banatuko dituzte, eta boluntario bezala aritu nahi dutenentzako izena emateko fitxa bat prestatu dute. Mahaikide moduan, antolaketa lanetan, ekintza osagarrietan edo lan teknikoan izena eman ahal izango dute. Zeregin bat aukeratu eta honako helbidera bidali dezakete fitxa: urratsherrigaldeketa@gmail.com.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide