VII. Floren Memoriala futbito txapelketako partida Getariako frontoian. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)
Duela bi asteburu abiatu zuten Getarian Florenen Oroimenezko Futbito Txapelketa. Urtero bezala Gure Txeru elkarteak antolatu du. Asteburuan bigarren jardunaldia jokatu zuten, eta antolatzaileak "gustura" daude lehiaketaren martxarekin. "Aurten hamar taldek eman dute izena txapelketan, iaz baino talde bat gehiagok. Getaria bezalako herri txiki batentzat hamar talde biltzea harrera ona da", azaldu dute elkartetik.
Talde kopurua dela eta, aurten egutegia zertxobait aldatu behar izan dute antolatzaileek. "Iaz bederatzi talde zirenez, zortzi taldek ostiralean jokatzen zituzten partidak; 20:00etatik gauerdira bitartean lau partida jokatzen ziren, eta talde batek atseden hartzen zuen". Aurten, ordea, bi talde gehiago dira eta antolaketa aldatu dute. "Hiru partida antolatu ditugu ostiralerako, 21:00etatik gauerdira arte. Eta beste bi larunbaterako, 16:00etatik 18:00etara".
Ordutegi aldaketa
Ostiral gaueko ordutegia areto futboleko partidak jokatzeko ezohikoa bada ere, jokalarien eskaerari erantzunez ezarri dutela argitu dute Gure Txeru elkartetik. "Jokalari askok beste futbol taldetan jokatzen dute; arratsaldetan entrenamenduak izaten dituzte, eta 20:00ak goizegi zen haientzako. Horregatik erabaki genuen partidak 21:00etatik aurrera jartzea, jokalariak lasaiago ibiltze aldera".
Dena dela, jardunaldi bateko partidak bi egunetan jokatzeak antolaketa aldetik zailtasunak sortzen dituela ere jakin badakite txapelketako arduradunek. "Getariako frontoian jokatzen ditugu partidak, eta, estalperik ez duenez, eguraldiari begira ibiltzen gara beti. Gertatu liteke ostiralean ona egitea eta larunbatean txarra; horrelako kasuetan, larunbateko partidak atzeratu egin behar izaten ditugu, eta horrek gorabeherak ekartzen ditu egutegian". Aste honetan, esaterako, larunbateko partidak ez dira jokatuko herrian inauterietako festa egingo delako. Zenbait egunetan partidak atzeratu egin beharko direla kontuan hartuta, aurten lehenago hasi dute areto futbol txapelketa, ekainerako bukatu ahal izateko.
Txapelketa errotuta dago herrian, eta parte hartzen duten taldeen artean saltsa jartzeaz gain, gazteek ere jarraitzen dute lehia. "Urte askoko ibilbidea du txapelketak, eta giro ona jartzen du herrian".
FLOREN MEMORIALA:
- 2. jardunaldiko emaitzak:
- Kaia Kaipe (15 – 3) Elkano
- Haitze (6 -3) Xagu
- Politena (5 -4) Amona Maria
- Iribar (0 – 6) Giroa
- Txoko (3 – 6) Balearri
Ostirala:
- Kaia Kaipe - Xagu
- Balearri - Giroa
- Politena - Haitze
Larunbatean ez da partidarik izango inauterietako festagatik.