Ikasleen ordezkariak botoak kontatzen. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)
Bonaetxea parke berria aukeratzeko prozesu parte-hartzailea hasi zuen Getariako Udalak pasa den astean. Bi proiektu aurkeztu dira udalak antolatu duen lehiaketa publikora, eta Getariako haurrek erabaki dute Potzuaga eremuan zein parke jartzea nahi duten. 2005-2013 urte bitartean jaiotako haurrek parte hartu dute ekimenean.
Atzo eguerdian Iturzaeta Herri Eskolako LHko 5. eta 6. mailako ikasleak udaletxeko udalbatzar aretoan bildu ziren, Nika Lertxundi alkatearekin eta Floren Iribar zinegotziarekin. Bertan, parte-hartze prozesuko botoak zenbatu zituzten: Garra enpresaren proposamenak 171 boto jaso ditu, eta Jolas enpresarenak 19 boto. Beraz, Garra enpresaren parkearen alde egin dute haurrek eta hori egingo dute Potzuaga eremuan.
Boto kontaketa amaitutakoan Lertxundik gaztetxoei azaldu zien, orain erabakia parte-hartzaileei jakinaraziko dietela, eta hilabete-bi hilabete arteko epean hasiko direla parke berria egiten.
Garraren proposamenak jaso ditu boto gehiena. (Getariako Udala)
Haur eta gaztetxoen iritzia
Iturzaeta Eskolako irakasle Balbino Inzaren iritziz, haurren eta gaztetxoen parte-hartze prozesua ekimen oso interesgarria izan da. "Parke bakoitzaren ezaugarriak aipatu genizkien ikasleei, eta beren irizpideen arabera erabaki dute zein duten gustukoena. Adinaren arabera aukeraketa desberdina izan da".
Alkatearen esanetan, Bonaetxea parkearen aukeraketa haurren eta gaztetxoen iritzia ezagutzeko aproposa izan da. "Ilusioz parte hartu dute haurrek, eta beren iritzia jakin nahi izatea baloratu egin dute".