Zer dela-eta bururatu zitzaizuen herritarren arreta zerbitzua irekitzea?
Konturatu ginen EAJk Getarian aldaketa bat behar zuela, eta herritarrekin zuzeneko harremana bermatu behar genuela. Udaletxeko bulegoa herritar guztiei irekitzea erabaki genuen, beren kexak, arazoak eta zalantzak entzun, eta ahal dugun heinean irtenbidea emateko. Gu oposizioan gaude, eta Udal Gobernuaren lanaren jarraipena egiten dugu, baina hortik haratago argi dugu getariarren zerbitzura egon behar dugula.
Zer motatako laguntza eskainiko duzue?
Herritar askorentzat udaletxeko izapideak egitea konplexua izan ohi da, ez baigaude ohituta bertan erabiltzen den hizkuntzara eta prozeduretara. Gu egunero gaude udaletxean lanean, eta esperientzia dugu. Esperientzia hori getariarren eskura jarri nahi dugu. Adibidez, norbaitek taberna bat ireki nahiko balu guregana etorri daiteke, zein izapide egin behar dituen galdetzeko; beharrezko lizentziak zein diren aztertu, eta gaur egungo legedia ezagutzeko, besteak beste.
Beste herriren batean oposizioak horrelako bulegorik jarri al du udaletxean?
Ez dakigu. Hauteskunde kanpainan alderdiek jarri ohi dituzte horrelako bulegoak, baina kanpaina bukatzen denean itxi egiten dira. Guk herritarrei eguneroko bizitza errazteko zerbitzua eskaini nahi dugu.
Astelehenean ireki zenuten bulegoa. Etorri al zaizue inor laguntza eske?
Bai, bi lagun etorri zaizkigu. Galdera arruntak izan dira. Batek, alkatearekin izan duen desadostasun baten gainean hitz egin nahi izan du, eta besteak, lizentzia bat lortzeko egin beharreko urratsak jakin nahi izan ditu. Hartu-emana oso ona izan da, eta eskerrak eman dizkigute zerbitzua irekitzeagatik.
Denborarekin gero eta herritar gehiago etorriko direla uste al duzue?
Pentsatzen dugu ahoz ahoz zabalduko dela zerbitzuaren berri. Lehen herritarrek ez zuten gurekin harremanetan jartzeko bide zuzenik, eta askotan kalean geratzen gintuzten beren arazoak kontatzeko, zalantzak argitzeko, edo informazioa eskatzeko. Kalea ez zaigu udaletxeko kontuez hitz egiteko toki aproposa iruditzen, eta horregatik zerbitzu berriarekin herritarrei arreta hobea eskaini nahi diegu.