Balentziagak lehen denda ireki zuela ehun urte bete dira, eta egitarau zabala antolatu dute urteurrenaren harira

Urola Kostako Hitza 2017ko urtarrilaren 30a

Cristobal Balenciaga Museoak 2017ko egitaraua aurkeztu du gaur Donostian. (Cristobal Balenciaga Museoa) Cristobal Balentziaga moda sortzaile eta jostun getariarrak duela ehun urte ireki zuen beren lehen denda Donostian, eta duela 80 urte Pariskoa. Urteurren berezia da hori Getariako Cristobal Balenciaga Museoarentzat, eta 2017rako prestatu duten egitarau berezia aurkeztu dute gaur Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Nazioartean oihartzuna izango duen Collecting elegance. Rachel L. Mellon`s legacy erakusketa monografikoa zabalduko du Cristobal Balenciaga Museoak maiatzaren 26an. M. Hubert de Givenchyk zuzendu du proiektua, eta erakusketak museoko erakusketa areto guztiak hartuko ditu 2018ko urtarrilaren 28ra bitartean. Bildumak 90 jantzi eta beste hainbat osagarri (bozeto originalak, osagarriak, argazkiak eta bestelako dokumentazioa) aurkeztuko ditu. Museoko arduradunek azaldu dute, ikusgai jarriko diren pieza gehientsuenak museoaren bildumakoak direla, "eta horietako asko ez dira sekula jendaurrean ikusgai jarri". Izan ere, Rachel L. Mellonek hil zenean Balentziagak sortutako 400 jantzi eta osagarri baino gehiago eman zizkion Cristobal Balenciaga Museoari, eta horietako batzuk jarriko dituzte ikusgai. Horretaz gain, beste museo batzuetatik ekarritako piezak ere izango dira.
  Rachel Lowe Lambert Mellon (1910-2014) Ameriketako Estatu Batuetako XX.mendeko goi burgesiako emakume garrantzitsuetako bat zen. Filantropoa, arte bildumagilea, lorategien diseinatzailea, Kennedytarren lagun mina, eta Paul Mellon mezenas handiaren emaztea izandakoa.
Erakusketa Parisen eta Madrilen aurkeztuko du Cristobal Balenciaga Museoak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik. Izan ere, foru aldundiko Kultur eta Turismo sailek Collecting elegance. Rachel L. Mellon`s legacy erakusketaren bidez Donostiaren eta Gipuzkoaren irudia zabaldu nahi dute Espainiako eta Frantziako merkatuetan. Denis Itxaso diputatuak aurkezpenean azaldu duenez, "kulturaren eta turismoaren arloko kazetari espezializatuak eta blogariak gonbidatuk ditugu aurkezpenera, erakusketarekin batera inguruaren balioak ezagutarazi ditzaten". Nazioarteko lankidetza Cristobal Balenciaga Museoarentzat estrategikoa da nazioartean ezagutzera ematea eta beste erakundeekin lankidetza proiektuak garatzea. Ildo horretan, aurten museoak Londoneko University of Arts Central Saint Martins ezagunarkein elkarlanean proiektu berri jarri du martxan. Urtarrilaren hasieran, 60 ikaslek Cristobal Balentziagaren jatorria ezagutu zuten Getariako museoan, eta Ikatza eta belusa. Ortiz Echaguek eta Balentziagak herri janzkerari zuzendutako begiradak erakusketa ardatz hartuta egingo dute beren aurtengo proiektua. Gero, proiektu onenak aukeratuko dituzte bi erakundeetako adituek, eta horiekin online erakusketa egingo dute Bestalde, Getariako museoak Google Cultural Institute erakundeak modaren inguruan martxan jarritako proiektuan parte hartuko du, eta museoko bildumak nazioarteko beste jantzi bilduma batzuekin batera ikusgai izango dira euskarri digitalean.      

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide