Nize M. Crespo: "Nire lan egiteko moduarekin harrituta geratu ziren hasieran"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko urtarrilaren 20a

Nize M. Crespo zuzendaria, Musikene aurrean. (Aiora Larrañaga/Hitza) NIZE M. CRESPO - Salbatore abesbatzako zuzendari berria Getariako Salbatore abesbatzak zuzendari berria du, Nize M. Crespo (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1991). Musikeneko ikaslea da zuzendari gaztea, eta indarrez beteta heldu dio erronka berriari. Nola iritsi zara Salbatore abesbatzako zuzendari izatera? Musikeneko webguneak iragarkien atal bat du. Getariako Salbatore abesbatzak iragarkia jarri zuen bertan, zuzendari bila zebiltzala azalduz. Nire lagun batek oharra ikusi zuen, kontaktua pasatu zidan, eta deitu egin nuen. Musikeneko ikaslea zara, zure ikasketek abesbatzekin eta kantu lanekin erlazioa al dute? Nik perkusio eta irakaskuntza ikasketak ditut, baina horiek bukatzen ari nintzenean kantua ikasteko gomendatu zidaten, beti gustatu izan zait arlo hori. Nahiko berandu hasi nintzen kantu ikasketekin, eta kantuko goi mailako ikasketak egiteko goizegi zela sentitu nuen. Horregatik, erabaki nuen Musikenen Musika Pedagogiako goi mailako ikasketak egitea; modu horretan, hezkuntza eta musika uztartu ditzaket. Horrez gain, Euskal Herrira etorri baino lehen, Cristina Contreras zuzendariarekin, abesbatzen zuzendaritza ikasi nuen hiru urtez. Nolatan erabaki zenuen Donostiara etortzea? Musika Pedagogia beste hainbat hiritan ere badago, baina asko gustatu zitzaidan Musikenek arlo horretan eskaintzen zuen gaitegia. Desberdintasun handiak antzematen al dituzu Valentzia eta Donostiaren artean? Bai, klima, hiriaren martxa eta gizartea bera oso desberdinak dira. Euskal Herrian musika bizitzeko modua ere berezia da, hemen jendeak mahaiaren bueltan kantuan aritzeko ohitura handia du, eta oso polita iruditu zait. Abenduaren 11n, Jazinto Isastiren omenezko kontzertuaren ondoren, bazkaria egin genuen. Bazkalondoren mahaiaren bueltan kantuan aritu ginen. Oso polita izan zen, eta euskal kulturan murgildu nintzela sentitu nuen. Oso aberasgarria iruditzen zait. Abesbatza bat zuzentzen duzun lehenengo aldia al da? Ez, hamasei urte nituenetik Donostiara etorri nintzen arte, haurren abesbatza bat zuzendu nuen Valentzian. Horrez gain, Euskal Herrira etorri aurretik, azken bi urteetan, Valentziako Kontserbatorioko kamarako abesbatza zuzendu nuen. Kamarako abesbatzak ohiko abesbatzak baino txikiagoak izaten dira. Beraz, Getariako Salbatore abesbatza zuzentzea esperientzia berria da zuretzat? Getariako abesbatzaren aurretik, Igeldoko erretiratuen abesbatza zuzentzen hasi nintzen. Hamasei laguneko taldea da, eta helduen abesbatzen munduan trebatzen joateko balio izan zidan. Hala ere, Getariako abesbatza askoz handiagoa da, eta oso maila ona du gainera. Bertako kideek zaletasunagatik abesten dute, baina urte asko daramate kantuan, eta hori asko antzematen da. Lau ahotsetara obra nahiko zailak abestu ditzazkete. Baditut lagunak adin tarte horretako abesbatzak zuzentzen dituztenak, baina abesbatza askok ezin dute bi ahotsetara baino gehiago abestu. Nola izan da Getariako abesbatzarekin lehen esku hartzea? Salbatore abesbatzak urte asko egin ditu Jazinto Isastiren gidaritzapean, eta normala da hasieran zuzendari berriaren eta abeslarien artean egokitzapen denbora bat behar izatea. Hasiera nahiko gorabeheratsua izan zen. Zuzendari bakoitzak lan egiteko modu jakin bat izan ohi du. Ni lanean eta zuzentzerakoan oso dinamikoa naiz, eta abesbatzako kideak nire lan egiteko moduarekin harrituta geratu ziren hasieran. Gainera, abenduaren 11n eman behar genuen kontzertua ere gainean genuen. Oso denbora gutxi izan genuen kontzertua prestatzeko, eta horrek presioa eragin zigun. Ondo atera al zen kontzertua? Bai, oso gustura geratu ginen denok. Jazinto Isastiri omenaldia egin genion, eta publikoki gure artean erreleboa pasatzeko oso modu polita izan zen. Abesbatzako kideek denbora behar zuten nire estilora ohitzeko, eta kontzertuak elkarrenganako konfiantza indartzeko balio izan zigun. Zer iruditzen zaizu Jazinto Isastik Salbatore abesbatzan egin duen lana? Musikako kontzeptu teorikoak ezagutzen ez dituzten lagunez osatutako abesbatza handi batekin horrelako errepertorioa osatzea benetan mirestekoa da. Aurrera begira, orain arteko bidea jarraitu nahi al duzu edo aldaketak egin nahi dituzu? Errepertorioa zuzendari artistikoak aukeratu ohi du normalean, uste dut, ordea, garrantzitsua dela abesbatzako kideak gustura eta motibatuta egotea kantatzen ari direnarekin. Horregatik, proposamenak egiteko eskatzen diet. Hala ere, nik obra berriak eta desberdinak lantzeko asmoa ere badut, ikasbide berri bat izango direla uste dudalako. Bestalde, beste abesbatza batzuekin topaketak egitea ere oso aberasgarria izango litzatekeela iruditzen zait. Dena dela, jakin badakit eguneroko martxan nahiko zaila izaten dela horrelako ekimen bat antolatzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide