Bizikidetzaren eta euskal bake prozesuaren gainean lanketa egiten ari dira Getarian

Getariako Hitza 2017ko urtarrilaren 19a

EH Bilduko Floren Iribar zinegotzia, Nika Lertxundi Getariako alkatea, Aitor Urresti EAJko bozeramailea eta Maialen Lizarralde Baketik Fundazioko aditua. (Aiora Larrañaga/Hitza) Urtarrilaren 25erako, datorren asteazkena, Zubigintza eta saregintza euskal bake prozesuan solasaldia antolatu dute Getarian. Atzo aurkeztu zuten ekitaldia Getariako Udaleko ordezkariek eta Baketik Fundazioko aditu Maialen Lizarraldek. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia eta Julen Mendoza Errenteriako alkatea izango dira hizlariak. Hizlariek euskal bake prozesuaren kezka nagusiak zein diren, eta horiei nola aurre egin behar zaien izango dute hizpide. Asteazkeneko saioa Getariako Udalak eta Agirre Center erakundeak elkarlanean antolatu dute. 19:00etan izango da Iturzaeta Herri Eskolako areto nagusian, eta eskualdeko herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte. Baketik Fundazioko koordinatzaile Iker Uson izango da moderatzailea, eta horrek galderak egingo dizkie parte-hartzaileei. Bakoitzak 20 minutu izango ditu hitz egiteko, eta gero galdera-erantzunen tarte bat irekiko dute. Ekitaldiaren azken zati horretan herritarrek galderak egiteko aukera izango dute. Ikerketa prozesua Saioa Getariako Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean lantzen ari den Bakea eta bizikidetza eraikitzen proiektuaren barruan antolatu dute. Ildo horretan, 1960tik euskal gatazkaren barruan Getarian gertatu diren giza eskubideen urraketak eta gertakari traumatikoak aztertzen ari da Baketik Fundazioa, Getariako Udalak eskatuta. Herritarren testigantzak ezinbestekoak izango dira ikerketarako, eta martxora bitartean beren esperientzia kontatu nahi duten herritarrekin bilduko da ikerketa zuzentzen ari den Maialen Lizarralde. Ikerketak Errenterian egin den Memoria partekatu baterantz txostena izango du eredu, eta ideologia desberdinetako herritarren testigantzetan oinarrituta memoria konpartitu bat osatu nahi dute. Ikerketan parte hartzeko interesa dutenek 605-71 82 97 telefono zenbakira deitu dezakete, eta m.lizarralde@baketik.org helbidera idatzi.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide