Juan Jose Ibarretxe, Azpeitiko Aho Bizarrik gabe ekimenean parte hartzen. (Nerea Uranga/Hitza)
Urtarrilaen 25ean, datorren asteazkenean,
Zubigintza eta saregintza euskal bake prozesuan solasaldia eskainiko dute Getarian. Gaur aurkeztu dute ekimena Getariako Udaleko ordezkariek eta Baketik Fundazioko aditu Maialen Lizarraldek. Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia eta Julen Mendoza Errenteriako alkatea izango dira hizlariak, eta ekimena Getariako Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean lantzen ari den
Bakea eta bizikidetza eraikitzen proiektuaren barruan antolatu dute. "Duela lau urtetatik, urtero ekimen desberdinak antolatzen ditugu herritarrekin bizikidetzaren gaia jorratzeko. Aurten solasaldia antolatu dugu, eta memoriaren inguruko txostena lantzen ari gara", azaldu dute Getariako Udaleko ordezkariek.
Hizkalariek euskal bake prozesuaren kezka nagusiak zein diren, eta horiei nola aurre egin behar zaien izango dute hizpide. "Juan Jose Ibarretxek bakegintzan gizarteak eta kulturak duten indarra nabarmendu ohi du, eta gazteriaren papera ere azpimarratzen du", azaldu du Maialen Lizarralde adituak. Errenteriako alkate Julen Mendozak bestalde, Errenteriako esperientzia kontatuko du. "Sentsibilitate desberdinetako alderdien artean berradiskidetze prozesu bat eman zen Errenterian, eta prozesuaren nondik norakoak kontatuko ditu".
Ekimena Getariako Udalak eta Agirre Center erakundeak elkarlanean antolatu dute. 19:00etan izango da Iturzaeta Herri Eskolako areto nagusian, eta eskualdeko herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte. Baketik Fundazioko koordinatzaile Iker Uson izango da moderatzailea, eta honek galderak egingo dizkie parte-hartzaileei. Bakoitzak 20 minutu izango ditu hitz egiteko, eta gero galdera-erantzun tarte bat irekiko dute. Ekitaldiaren azken zati horretan herritarrek galderak egiteko aukera izango dute.