Getariako Txakolin Egunean, frontoi ingurua jendez beteta. (Aiora Larrañaga/Hitza)
San Anton Egunean txakolin uzta berria aurkeztu ohi du Getariako Txakolina jatorri izenak, eta atzo ere jendetza bildu zen Getarian txakolin berria dastatzera. Eguraldia lagun, giro ederra izan zen herrigunean. Dastaketaren aurretik, uzta berriaren aurkezpena egin zuten Getariako Txakolina jatorri izeneko ordezkariek frontoian, eta surf egokituko munduko txapeldun Aitor Frantzesena Gallo eta Luis Irizar Sukaldaritza Eskola omendu zituzten, Mahasti Jaun izenarekin. Bertan izan ziren omenduak, eta biek Getariako Txakolina jatorri izenari «eskerrak» eman zizkioten beren lana aitortzeagatik.
Mahasti Jaunak txakolin berriarekin topa egiten. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Kepa Iribar ekitaldiko aurkezleak azaldu zuen mahastizaleak badakiela naturak jartzen dizkion «oztopoekin lehian» aritu behar izaten duela sarritan. «Antzeko bizipena du Aitor Frantzesena Gallok. Ikusmen arazoak betidanik izan ditu, baina 2012an itsu geratu zen. Horren aurrean bi bide zituen, etsipenarena eta borrokarena. Ezina ekinez egina filosofia hitzez hitz hartu du», eta munduko surf txapelketa egokituan, itsuen mailan txapela lortu du 2016an. «Itsasoaz gozatzen jarraitzen du, eta berarekin askotan hitz egin ondoren, ondorio bat atera dut: Aitor ez da itsua, desberdin ikusten du».
Aitor Frantzesena surflariak hitza hartu zuen ekitaldian, eta Meaga auzoko baserri batean jaio zela aitortu zuen. «Oso egun berezia da gaurkoa. Nik garrantzia handia ematen diot lanari, eta uste dut lana eginda edozer lortu daitekeela bizitzan». Frantzesenarentzat horren adibide garbia da Getaria. «Getariarrek txakolina mundu osoan ezagutarazteko lan handia egin dute, eta hainbeste lan egin duten horiek nire ibilbidea aitortzea ohorea da niretzat», adierazi zuen hunkituta. «Aupa Getaria eta aupa Getariako Txakolina» esanaz amaitu zuen Frantzesenak, bertaratu ziren herritarren txalo zaparrada artean.
2016a urte oparoa
Luis Irizarrek Euskal Herriko lehen sukaldaritza eskola sortu zuen 1967an, eta bertan sortu zen euskal sukaldaritza berriaren oinarria. «1992an Irizar Sukaldaritza Eskola sortu zuen Donostian, eta 25 urtetan Euskal Herriko eta mundu osoko sukaldari asko pasatu dira bertatik. Horregatik, Getariako Txakolina jatorri izenak, Luis Irizar Eskolak egindako lana aitortu nahi izan du aurten», azaldu zuten aurkezpenean.
Luis Irizar sukaldariak hitza hartu zuenean, Aitor Frantzesenaren «kemena eta indarra» nabamendu zituen lehenik eta behin. Ondoren, Getariaren balio gastronomikoa izan zuen hizpide sukaldariak. «Munduan zehar ezagunak dira Getariako jatetxeak eta Getariako txakolina, eta horiek euskaldunon ondare gastronomikoaren bereizgarri bilakatu dira». Bestalde, Irizarrek adierazi zuen, eboluzio handia eman duela txakolinak azken 30 urteetan. «Garai hartako txakolinak hori kolorea zuen, eta nahiko gogorra zen ahoan. Gaur egungo txakolina, berriz, oso ardo ederra eta leuna da. Bilakaera hori getariarrek egindako lanari esker gertatu da», nabarmendu zuen.
2016 urtea «oparoa» izan da Getariako Txakolina jatorri izena osatzen duten upategientzat. Alde batetik, inoiz baino gehiago saldu dutela azaldu dute. «2016an salmenta errekorrak hautsi dira, eta igo egin dira salmentak atzerrian». Bestetik, 2016koa «uzta ona» izan dela azpimarratu zuten jatorri izeneko arduradunek. «Udaberria ona izan zen landarearen loraldirako, eta, ondorioz, uzta berriaren produkzioa kantitateari dagokionez oso ona izan da. Uda lehorra egin du, udazkenaren hasieran euri pixka bat egin du, eta egun asko izan dira zeru garbiarekin». Guzti horrek mahatsaren «heldutasun egokia» ekarri duela azaldu zuten Getariako txakolinaren egunean.