Getarian lau eguneko festak antolatu dituzte San Anton egunari lotuta

Getariako Hitza 2017ko urtarrilaren 13a

Txakolin uzta berria aurkeztuko dute asteartean, San Anton egunean. (Aritz Mutiozabal) Bihartik asteartera bitartean San Anton jaietan murgilduko da Getaria. Asteartean izango da San Anton eguna, eta txakolin uzta berria aurkeztuko du Getariako Txakolina jatorri izenak. Festa egingo dute egun guztian zehar, eta ohitura den bezala Sebaxtian Lizaso eta Andoni Egañaga bertsolariek udaletxeko balkoitik bertso saioa eskainiko dute, gainera Kupela erromeria taldeak alaituko du giroa. Bertso saioa Aurten San Anton eguna asteartea egokitu denez, Getariako Udalak jaia asteburura aurreratu du, eta lau eguneko egitaraua prestatu dute. «Herri giroko» ekintzak antolatu dituztela nabarmendu dute: buruhandiak, erromeria, pilota partidak, eta haurrei zuzendutako jarduerak. Horrez gain, urtero bezala, bertso saioa antolatu dute iganderako Cristobal Balenciaga museoan. Sustrai Colina, Miren Amuriza, Manex Agirre, Sebaxtian Lizaso, Aitor Sarriegi eta Oihana Iguaran bertsolariek parte hartuko dute, eta Danel Olanok jarriko ditu gaiak. Saiorako sarrerak salgai daude udaletxean eta Turismo Bulegoan, zortzi eurotan; egunean bertan leihatilan erosteko aukera izango da. EGITARAUA Bihar, Urtarrilak 14 - 18:00. Tomaxen abenturak pailazo ikuskizuna haurrentzat, plazan. - Ondoren, buruhandiak ibiliko dira kalez kale Gazte Alaiak txistulari taldeak lagunduta. - 22:30. Erromeria Iratzar taldearekin plazan. Urtarrilak 15, igandea - 12:00. Pilota partidak herriko frontoian. Aristi eta Olinden, Egiguren eta Zenekortaren aurka. Eguraldi txarra egiten badu, kiroldegian izango da. - 18:00. Bertso saioa Cristobal Balenciaga museoan. Sustrai Colina, Miren Amuriza, Manex Agirre, Sebastian Lizaso, Aitor Sarriegik eta Oihana Iguaranek parte hartuko dute. Gai-jartzailea Danel Olano izango da. Urtarrilak 16, astelehena - 17:30. Txokolatada plazan. - 19:00. Buruhandiak kalez kale Sugarri txarangak lagunduta. Ondoren, Sugarri txarangaren saioa. Urtarrilak 17, asteartea, San Anton eguna - 09:00. Diana, Gazte Alaiak txistulari taldearekin. - 10:30. Azoka, Harritarten, plazan eta Berdura Plazan. - 12:15. Txakolin uzta berriaren aurkezpena, frontoian. - Ondoren, txakolin dastaketa frontoian eta Harritarten. Kupela taldeak girotuko du dastaketa. - Jarraian, Sebaxtian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolarien saioa udaletxeko balkoitik. - 18:00. Herri kirolak, frontoian. Iker Vicente, Hodei Ezpeleta, Arria V.a eta Julen Mendieta aizkolariak. Mikel Lopetegi Urra eta Jokin Eizmendi harrijasotzaileak. - Ondoren, bertsolarien bigarren saioa udaletxeko balkoitik. - Jarraian, Kupela taldeko Zabale eta Larrañaga trikitilariek saioa eskainiko dute Getariako udaletxeko balkoitik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide