Aitor Leitza: "Baleari jarraipena egin, eta segurtasuna bermatzea izan da gure lana»

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko urtarrilaren 5a

Aitor Leitza, atzo goizean Getariako portuan. (Aiora Larrañaga) AITOR LEITZA- Ambar elkarteko kidea Aitor Leitza zumaiarra Itsas Faunaren Ikerketa eta Babeserako Ambar elkarteko kidea da. Getariako baleari adi egon da azken egunetan. Zein egoeratan zegoen Getariako portuan zegoen balea? Itsaso zabalean bizi den animalia basati bat portu batean sartu eta bertan bueltaka ibiltzea ez da seinale ona. Oso argal zegoen, eta egoera normalean forma borobiltxoak izan beharko lituzke. Honi, berriz, bizkarrezurreko hezurduraren forma antzematen zitzaion. Gaixo zegoela uste dugu, eta toki lasai batera etorri zela babes bila. Gainera, egunak eman ditu jan gabe, eta tamaina honetako baleek asko jan behar dutenez, gero eta ahulago zegoela iruditzen zitzaigun. Baleak bizirik jarraitu nahi badu, arrain baltsa handi bat aurkitu eta jan egin beharko luke, baina gu geuk ere gaixo gaudenean ez dugu goserik izaten, gogorik gabe jaten dugu. Gainera, baleek esfortzua egin behar izaten dute arrantzatzeko. Hegalean parasitoak ere ikusten zitzaizkion, ezta? Bai, baleak parasitoak ere bazituen. Bale handiek parasitoak izatea normala da, baina bale honek zituen parasitoak lanperna antzeko batzuk dira, eta horiek baleetan itsasten dira hauek abiadura motelean doazenean. Ugaztun hauek normalean azkar ibiltzen direnez, ez lituzke parasito horiek izan beharko. Beste parasito mota batzuk izatea normalagoa izaten da, askotan zizare moduko batzuk izaten baitituzte gorputzean zehar. Kasu hauetan zein da zuen lana? Herenegun eta atzo portuan egon ginen. Gure eginbeharra baleari jarraipena egitea eta segurtasuna bermatzea izan da. Txalupak edo herritarrak balea dagoen lekura hurbildu ez zitezen saiatu gara. Asteartean esaterako, pertsona bat uretan sartuta argazkiak atera nahian ibili zen, eta atzo arraun surfa egiten ari ziren bi lagun gerturatu ziren balea zegoen eremura. Bi kasuetan balearengandik gertu egotea oso arriskutsua dela ohartarazi genien. Ez dugu ahaztu behar tona asko pisatzen dituen animalia basati bat dela balea. Haren ukitu txiki bat ondorio larriak izan ditzakeen kolpe handi bat izan daiteke. Gure lana da ahal den neurrian arriskuak saihestea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide