Itsas Salbamenduko bi ontzik portutik ateratzen lagundu zioten baleari. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Astelehenetik Getariako portuan bueltaka zebilen balea itsasora itzularazi zuten, atzo eguerdian.
Marea behean zegoela aprobetxatuta, atzo 13:30ak inguruan, Itsas Salbamenduko kideak Getariako portura joan ziren, eta balea bertatik ateratzeko hainbat maniobra egin zituzten. Ordu erdiz portu barruan soinua eginez eta ura harrotzen aritu ziren Itsas Salbamenduko bi ontzi; lehenengo balearen ibilbide zirkularra handitzea lortu zuten, eta, ahalegin askoren ondoren, balea bere kasa atera zen portutik.
Jendetza atzo ere
Jendetza bildu zen atzo ere Getariako portuan goizean goizetik, balea ikusteko asmoz. Asteartean bezala, Elkano kofradiaren atzealdean ibilbide zirkularrak egiten aritu zen balea eguerdira arte, hamar minuturo arnasa hartzera irtenaz. Eguerdi partean, Itsas Salbamenduko kideak iritsi zirenean portua jendez beteta zegoen, eta herritarrek adi-adi jarraitu zuten balearen ibilbidea. Izan ere, portuko sarrera-irteeratik gertu ibili bazen ere, behin baino gehiagotan buelta hartu eta azken egunetako bere txokora bueltatu zen.
Behin itsasora atera zenean, Itsas Salbamenduko txalupek balearen ibilbidea jarraitu zuten, atzera portura itzuli ez zedin. Orduan jendea portutik kai muturrera joan zen, eta balea kostaldetik nola aldentzen zen ikusi zuten. Haur batek baino gehiagok, balea joaten ikusita, balearen atzetik Zarautzera joan nahi zutela eskatu zien gurasoei.