Balea atera dute Getariako portutik

Getariako Hitza 2017ko urt. 4a, 14:57

Itsas Salbamenduko kideek eguerdian lortu dute animalia portutik ateratzea.

Itsas salbamendukokoak Getariako portuan. (Aiora LarraƱaga Solabarrieta) Herenegun iluntzetik Getarian zegoen balea portutik itsasora ateratzea lortu dute gaur, asteazkena, eguerdian, Itsas Salbamenduko kideek. Bi txalupa gerturatu dira portura 13:30k aldean, eta balea handik ateratzeko soinua ateratzen aritu dira. Ordu erdi inguru kostatu zaie ugaztuna handik ateratzea, baina itsasora atera denean jarraipena egin diote itzul ez zedin. Balea hil egin dela ere zabaldu da eguerdi partean, baina ez da horrelakorik gertatu. Ambar elkarteko kide Aitor Leitzak Urola Kostako Hitzari adierazi dionez, "oso argal eta ahul" dago balea. "Itsaso zabalean bizi den animalia basati bat, portu batean sartu eta bertan bueltaka ibiltzea ez da seinale ona. Gainera, oso argal dago, eta egoera normalean forma borobiltxoak izan beharko lituzke. Honek ez ditu, bizkarrezurreko hezurduraren forma antzematen baitzaio", adierazi du Leitzak. Egunotan izugarrizko ikusmina eragin du baleak, eta ehunka lagun bertaratu dira animalia ikustera portura.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide