Gaur goizean Getariako baleari ateratako argazkia. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Hainbat komunikabidek balea dagoeneko Getariako portuan ez dagoela jakinarazi badute ere, informazio hori okerra da, bertan jarraitzen baitu baleak. Elkano kofradiaren atzeko aldean dabil, ibilbide zirkularrak egiten, eta hamar minutuero arnasa hartzera ateratzen da.
Ambar elkarteko kide Aitor Leitza zumaiarra balearen eboluzioa aztertzen ari da Getariako portuan bertan, eta adierazi du "oso argal eta ahul" dagoela. "Itsaso zabalean bizi den animalia basati bat, portu batean sartu eta bertan bueltaka ibiltzea ez da seinale ona. Gainera, oso argal dago, eta egoera normalean forma borobiltxoak izan beharko lituzke. Honek ez ditu, bizkarrezurreko hezurduraren forma antzematen baitzaio", adierazi du Leitzak. Bestalde, baleak parasitoak dituela ikusi dute adituek. "Bale handiek parasitoak izatea normala da, baina bale honek dituen parasitoak lanperna antzeko batzuk dira, eta baleetan itsasten dira baleak oso abiadura moteletan doazenean. Hauek normalean azkar ibiltzen direnez, ez lituzke parasito horiek izan beharko".
Egunak daramatza baleak Getariako portuan bueltaka, "gaixo dagoela uste dugu, eta toki lasai batera etorri da babes bila. Dena dela, egunak eramango ditu jan gabe, eta gero ahulago egongo dela uste dugu". Hala ere, Ambarreko kideak azaldu du, ez dagoela egoera horretan dagoen bale bat artatzeko protokolorik zehaztuta. "Ezarrita dagoen protokolo bakarra, lur hartzen duten baleen gainekoa da".