Balea agertu da Getariako portuan. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Getariako portuan bueltaka dabilen baleak ikusmina sortu du azken bi egunetan. Herenegun iluntze partean eta atzo egun guztian zehar jendetza bildu zen Getariako moilan, balea bertatik bertara ikusteko.
Astelehenean 20:00ak aldera moilan paseatzen ari ziren hainbat herritar ohartu ziren portuan zebilen baleaz; «harrituta» familiakoei eta lagunei abisua pasatu zieten, eta «ordubetean ehun lagunetik gora» bildu zirela azaldu du Getariako alkate Nika Lertxundik. Izan ere, «ez da ohikoa» balea portu barrura sartzea. «Nik neuk ez dut gogoratzen balea kostaldetik horren gertu ikusterik», azaldu zuen atzo Getariako arrantzale batek. «Arrantzara ateratzen garenean, kostatik ordubetera edo bi ordura egoten dira baleak, baina ez dira kostaldera gerturatzen. Dena dela, esan behar da aurtengo udan inoiz baino bale gehiago ikusi ditugula itsasoan», nabarmendu zion arrantzaleak Hitzari.
Getariako Udaletik azaldu dute, kasu hauetarako prozedura zehatzik ez dagoela jarrita, eta Getariako Udaleko ordezkariek uste dute, «sartu den bezala, bere kasa aterako dela balea portutik».
Baleari jarraipena
Atzo goizetik Itsas Faunaren Ikerketa eta Babeserako Ambar elkarteko adituak Getariako portuan egon ziren baleari zer gertatu ote zaion aztertzen. «Bale txikia izenekoa edo zere arrunta espezieko bale gazte bat» izan daitekeela zehaztu dute. Elkarteko lehendakariorde Enrique Francok azaldu duenez, bi arrazoi egon daitezke balea portura sartzeko: «Alde batetik, portura sartu den arrain txiki baltsa bati segika iritsi izana; edo, bestetik, gaixo dagoelako portura babes bila sartzea», azaldu du. Arrainaren atzetik sartu bada, «bere kasa aterako» dela uste dute Ambarrekoek. Ez da Kantauri itsasoko portu batera bale bat sartzen den lehen aldia, gainera. «Iaz bale txiki bat sartu zen Castroko [Kantabria, Espainia] portura».
Gaixo egongo balitz, berriz, jarraipena egin behar zaiola azaldu dute. Lehen begiradan, «argal eta ahul» dagoela iruditu zaie adituei, baina ezin dute gehiegi gerturatu balearengana. «Izan ere, baleak estresatu egiten dira pertsonak haiengana hurbiltzean. Gainera, gaitzen bat izango balu, arnasketaren bidez pertsonak kutsatzeko arriskua egon ohi da; beraz, kontu handiz ibili behar da», nabarmendu dute.