Urte "berezia eta desberdina" izan da Salbatore Deuna Abesbatzarentzat

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 29a

40 urte geroago, Jazinto Isastik koruaren zuzendaritza utzi du; Nice M. Crespok hartu du haren lekukoa

Jazinto Isasti orain arteko Salbatore Deunaren Abesbatzako zuzendaria (Aiora Larrañaga Solaberrieta). Salbatore Deuna Abesbatzako kideek urteko hausnarketa egin dute, eta beraientzat "urte berezia eta desberdina" izan dela nabarmendu dute. Izan ere, "azken 40 urteetan zuzendu gaitun Jazinto Isastik egiteko horri utzi egin baitio. Gure esker ona adierazi genion abenduaren hasieran egindako ekitaldi xume bezain hunkigarrian, eta lerro hauek baliatu nahi ditugu berriz ere eskerrak emateko. Herriko abesbatzaren alde egindako lan ikaragarria azpimarratu nahi dugu". Haren lekukoa Nice M. Crespok hartu du abesbatzaren zuzendaritzan. Emakume valentziar honekin Musikeneren bidez egin dute topo, eta urriaren amaieratik gogotsu ekin dio Getariako korua zuzentzeari. Bidelagun berriarekin indartsu jarraitu nahi dute aurrera abesbatza osatzen duten 40 lagunek. 2016 honetan ere hainbat ekitalditan aritu dira kantari: "Herriko zein auzoko jaietan, elizkizunetan, edo ekitaldi berezietan, Getariak behar gaituen une guztietan erantzuten ahalegindu gara". Aipaturiko guztia egiteko hainbat laguntza jaso dute, "gure bidea errazago egin dutenak". Gogoan izan nahi dituzte, eskerrak emanez: Getariako Udala, Kofradia, Eliza, Itsas-Mendi Gutiziak, Txomin Etxaniz txakolina, Txakolinaren Jatorrizko Izendapena, Irizabal Arrainak, Viveros San Anton, eta Elkano Arraindegia. "Herriko kaleetan  eta etxeetan jendea kantari sumatzeak pozten gaitu, eta zer esanik ez horietako batzuk abesbatzara hurbiltzeak, ateak zabalik baititugu nahi duen edonorentzat. Animatu eta gozatu guk egiten dugun moduan!".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide