Getarian galdeketa gauzatzeko xedearekin aurkeztu da Brankan taldea

Getariako Hitza 2016ko azaroaren 12a

Herritar guztiek "askatasun osoz parte hartzeko bitartekoa" izan nahi du

Brankan taldearen aurkezpena Getariako frontoian (Aritz Mutiozabal). Brankan herri mugimendua aurkeztu dute gaur eguerdian herriko frontoian, 2017ko udaberrian herri galdeketa aurrera emateko helburuarekin. Aitor Urresti eta Uxoa Irigoien arduratu dira taldearen nondik norakoak eta orain arteko pausoak zeintzuk izan diren azaltzen. "Itsasoan, itsasontziak brankaz mugitzen dira, itsasoaren indarrarekin atzera ez egiteko. Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu honek ere ez du atzer bueltarik. Zailtasunei aurre egingo die, itsasontzien antzera, eta udaberrian, iritzi edo pentsamolde ezberdinetako izanda ere, herritar guztiek askatasun osoz parte hartzeko bitartekoa izango da". Erabakitzeko eskubidearen prozesua "estropada bat" balitzan irudikatuz gero, "Azkoitia, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaiako traineruen txanda iritsi dela" iradoki dute. "Azpeitiarren olatu berbera hartuz, guztiok norabide berean arraun eginez, gogoz beterik, kementsu eta esperantzaz beterik, beti aurrera!". Gure Esku Dago herri ekimenarekin bat eginik, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko asmoz aurrera eraman diren hainbat ekintzetan hartu dute parte getariarrek azken urtetan: Durangotik Iruñearako giza katean, Anoeta futbol-zelaiko postontzi erraldoirako oihalak apainduz, eta Zurriolako hondartzan eginiko mosaiko erraldoian. Festa giroko aldarrikapen horiek "egundoko garrantzia" izan zutela diote, "baina iritsi da herritarrei beren herrialdearen etorkizunaz galdetzeko momentua. Momentu erabakigarria, zinez".

"Ilusioa eta konpromisoa"

Aurrerapauso hori hainbat herritan eman dute; eskualdean, Azpeitia izan da lehena. Duela aste batzuk Getariak, eskualdeko beste herri batzuekin batera, Azpeitiaren lekukoa jaso zuen. Gure Esku Dago taldeak iazko maiatzean deitutako bilera irekia egin zuen, eta bertan, "gure herrian ere galdeketa egiteko asmoa, ilusioa eta konpromisoa jaso zuen, pentsamolde askotako herritarren ahotik". Ondoren, herriko talde, elkarte eta eragileei iritzia eskatu zieten galdeketa egiteari buruz, eta "atxikimendu eta babes handia" jaso zutela nabarmendu dute. "Adierazpen egunean, ekainaren 4an, herriko beste 35 elkartetako ordezkariekin bildu zen Gure Esku Dago ekitaldi batean, eta, bertan, idatzia irakurri eta argazki ederra atera zen. herriaren nahia eta gogoa argi ikusi zen". Udaberriko galdeketa bitartean, Brankan taldeak "getariarrak informatu, animatu eta prestatzeaz" arduratuko dira, "egun handia iristean ahalik eta gehienok parte har dezagun". Era berean, lan taldea irekia dela eta edozein herritarrek parte har dezakeela adierazi dute.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide