Urritza Aisialdi elkarteko hiru kide: Ane Agirre, Ihintza Gurrutxaga eta Saioa Martinez Lahidalga. (Aiora Larrañaga/Hitza)
«Indarrez gainezka» ireki ditu ateak Getariako Gaglo gaztelekuak. Azaroaren 1ean abiatu zuten ikasturtea, baina aldaketekin dator, herriko Urritza aisialdi elkarteak hartu baitu gaztelekuaren kudeaketa, Getariako Udalarekin adostutako hitzarmen baten bidez. Getariako 13 gaztek osatzen dute aisialdi taldea, eta proiektu berritzailea dute esku artean: Getariako gaztetxoek aisialdi eskaintza erakargarria izatea lortu nahi dute.
Lehen Hezkuntzako 6. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila arteko gazteei zuzendua egongo da proiektua, eta, besteak beste, «errespetua, euskal kultura, parte-hartzea, bizikidetza, euskararen erabilera, menpekotasunekiko kontzientzia eta talde sena» landuko dituzte bertan.
Gaztelekua ostiraletan 17:00-etatik 20:00etara, eta larunbatetan eta igandetan 16:30etik 20:30era irekiko dute. Horretaz gain, jai egunetan eta opor garaian erabiltzaileei egokitutako ordutegia izango duela ere azaldu dute Urritza asialdi elkarteko kideek.
Getariako taldeak eskualdeko beste hainbat gazteleku eredu izan ditu kontuan Getariako proiektua sortzeko. «Proiektua proposatu zigutenean gogoratu ginen Orion Txurrumuski aisialdi taldeak kudeatzen dituela gaztelekua eta ludoteka, eta haiekin bildu ginen. Proiektua azaldu ziguten, eta oso lagungarria izan zaigu».
Parte-hartzea xede
Gaur egun gaztelekuko begiraleak eta hezitzaileak direnak, bere garaian Gagloko aurreneko erabiltzaileak izan ziren. «Hasiera hartan gaztetxo piloa biltzen ginen gaztelekuan, baina urteen poderioz itzaltzen joan da eta udalak argi zuen bultzada berri bat eman behar zitzaiola gaztelekuari», azaldu dute Urritza aisialdi elkartetik. Urritzakoek hilabetero haur eta gazteei zuzendutako ekintzak antolatzen dituzte Getarian, eta udan udaleku irekiak kudeatzen dituzte. «Jarduera horiek herritarren artean harrera ona dutela ikusita, gaztelekuaren ardura hartzea proposatu zigun udalak». Gogoz hartu du proposamena herriko gazte taldeak, eta gaztelekua biziberritzeko dinamikak martxan jartzen ari da. «Heziketa helburu zehatzak markatuta ditugu dagoeneko. Orain, horiek landu ahal izateko, gaztetxoen lehentasunak zein diren jakin nahi dugu; haien proposamenak entzun eta beren iritzia kontuan hartuko duen proiektu parte-hartzailea sortu nahi dugu». Izan ere, Urritza aisialdi elkarteko kideen iritziz gaztetxoen artean «parte-hartzea sustatzea oso garrantzitsua» da Getarian. «Gaztetxoek gero eta gutxiago parte hartzen dute herriko ekimenetan eta joera hori aldatu nahi dugu, interesatzen zaizkien jarduerak eskainiz».
Bestalde, gaztetxoen bidelagun ere izan nahi dute. «12 urtetik aurrera mundua deskubritzen hasten dira gaztetxoak, eta bidean arriskuak ere badaude. Horregatik, ahal dugun neurrian gaztetxo horien eredu izan nahi dugu». Hainbat gai zehatz jorratzeko hitzaldiak eta jardunaldiak antolatzea da Urritzako kideen asmoa.