Ehuneko 30 igoko dute zaborraren tasa Getarian, zerbitzuaren «defizita txikitzeko» asmoz

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko azaroaren 3a

Getariako Balentziaga kaleko edukiontzi gunea. (Aiora Larrañaga/Hitza) Pasa den astean udalbatzarra egin zuten Getarian, eta 2017rako tasak eta zergak onartu zituen bertan Getariako Udalbatzak. 2016ko ordenantza fiskalekin alderatuz, zabor bilketaren tasa %30 igotzea eta gainontzekoak izoztea onartu zuten batzarrean EH Bilduren aldeko botoekin; EAJkoek kontra bozkatu zuten. Ogasuneko batzordeburu Iker Azkuek udalbatzarrean azaldu zuenez, «zaborraren tasaren igoera ezinbestekoa da. 2015etik 2016ra zabor bilketaren gastua asko igo da, aurreikusita zegoenarekin alderatuz %20, 70.000 euro hain zuzen ere». 2016 urte amaieran guztira 330.000 kostako zaio Getariako Udalari herriko zaborra biltzea. Ildo horretan, aurreikuspenen arabera, 2017an 400.000 euroko kostua izango du zabor bilketak Getarian. «Gaur egungo diru sarrerak eta zabor bilketaren tasa kontuan hartuta, defizita asko igoko litzateke tasa bere horretan utziko bagenu. Horregatik ezinbestekoa iruditzen zaigu zaborraren tasa igotzea». Zaborraren tasa %30 igota, 340.000 euro bilduko ditu Getariako Udalak. «Zerbitzuaren kostu osoaren %85 estaliko dugu, eta udalak %15eko defizita beregain hartu beharko du». Azkuek azaldu zuen, igoerarekin zabor bilketan «defizit maila onargarri bat» izan nahi dutela. Bestalde, Getariako Udal Gobernua udalbatzarrean kezkatuta agertu zen Getarian birziklatze maila ez delako hazten. «Urola Kostako Udal Elkarteak 2020rako hondakinen %75 birziklatzea lortu nahi du. Datozen asteotan hori lortzeko jarraitu beharreko plangintza aurkeztuko digute, eta uste dugu hemendik aurrera plangintza horri lotutako eboluzio bat izan beharko luketela tasek ere». EAJ: «Ez da onargarria» EAJ ez zen igoerarekin ados agertu, eta salatu zuen zabor bilketa tasa %30 igotzea ez dela «onargarria». EAJko bozeramaile Aitor Urrestiren iritziz, «igoera aurreko urteetan jarraitutako joeraren ondorioa da». «Azken urtetan Udal Gobernuak progresibitatearen banderarekin oso gutxi igo du zabor bilketaren tasa, nahiz eta zerbitzuaren kostua igotzen joan den. Urtez urte zuloa egiten joan da, eta orain lehertu egin zaigu». Ildo horretan, Urrestik nabarmendu zuen, 2017an tasa %30 igota ere, 58.000 euroko defizita izango duela udalak, eta kostu hori beste partida batzuetatik kendu beharko dela. Bestalde, EAJko bozeramailearen ustez «Getariako Udalak ez du birziklatze programarik», eta EAJri ezinbestekoa iruditzen zaio «zaborraren inguruan lanketa sakona egitea udalean». Urrestik azalpena bukatutakoan, Ogasuneko batzordeburu Iker Azkuek argitu zuen, aurreko urtetan ez dela zaborraren tasan igoera nabarmenik izan, «ez zelako gastu igoerarik egon. Beherakada bat eman zen gastuan, gehiago birziklatzen zelako eta zabor gutxiago sortzen zelako».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide