Herritarren iritzia kontuan hartuko du Getariako Udalak, beilatokiaren gaia zehazteko

Getariako Hitza 2016ko urriaren 29a

Eskualtxeta Bizi Bizirik taldeak frontoian jarritako pankarta. (Eskualtxeta Bizi-Bizirik) Getarian Eskualtxeta eraikinean tanatorio bat jarriko denaren zurrumurrua zabaldu da herritarren artean azken asteetan, eta Eskualtxeta Bizi-Bizirik izeneko taldea ere sortu dute hainbat getariarrek, herriko kultur ekimenak biltzen dituen eraikina babesteko.  Kalean bolo-bolo dabiltzan zurrumurruen aurrean Getariako Udalak azalpenak eman zituen ostiralean Udala Informatzen bilera irekian. Bertan argi utzi zuten, Getariako Udala aztertzen aritu dena ez dela herrian tanatorioa bat irekitzea, beilatokia eta hileta zibilak egiteko gune bat baizik. "Beilatokia gorpua eta senide eta lagunak egoteko aretoa da. Gure kasuan hileta zibilak egiteko aukera bertan izatea ere planteatzen dugu", azaldu dute. Hala ere, Getariako Udaletik ukatu egin dute beilatokia Eskualtxetan kokatzea erabakita dagoenik, eta azpimarratu dute Eskualtxetak "orain arte bezala" funtzionatzen jarraituko duela. Bestalde, udalak argitu nahi izan du orain arte egin duena, "beilatokia eta hileta zibilak egiteko gunearen aurrelanketa" izan dela. "Orain, herritarren iritzia jasotzea tokatzen da, datozen urteetan Getarian mota honetako zerbitzurik nahi dugun ala ez erabakitzeko. Beharrik ez bada ikusten ez da proiektua aurrera eramango; eta beharra dagoela erabakitzen bada, kokaleku egokiena zein izango den zehaztu beharko da", adierazi dute.  Gai horren inguruan iritzia emateko aukera jarriko du Getariako Udalak Guztiok bat! aurrekontu parte-hartzaileetan. Getariarrek bileretan, herriko etxe guztietan banatuko diren fitxen bidez edo posta elektronikoz izango dute iritzia emateko aukera. Getariako Udala: "Eskualtxetak orain arte bezala funtzionatzen jarraituko du Herrian beilatokia eta hileta zibilak egiteko gunearen beharra "aurreko urtetan aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan hainbat aldiz egindako eskaera" izan zela aitortu dute Getariako Udaletik. Arlo horretan, "Getarian hutsunea dagoela jakinda", herrian beilatokia eta hileta zibilak egiteko espazio bat izatea aztertzen hasi zen udala. Lehenik eta behin, beilatokiak izan lezakeen bideragarritasuna aztertu zuten, eta proiektua Eusko Jaurlaritzan aurkeztu. "Eskualtxeta eraikineko haurtzaindegi zaharrean kokatzea proposatu genuen, lokala libre dagoelako, bertan egin beharreko lanen kostua txikia delako, eta irisgarritasun arauak eta beste hainbat baldintza betetzen dituelako", argudiatu dute. Dena dela, proiektua erakundeetan aurkeztearen helburu nagusia, "diru laguntzarik jasoko lukeen jakitea" izan dela adierazi dute, "benetan bideragarria izango ote den jakiteko". Bideragarritasuna aztertuta, getariarrek beilatokia eta hileta zibilak egiteko aretoaren gainean zer pentsatzen duten jakin nahi du Getariako Udalak orain, eta datozen asteetan herritarrek gaiaren inguruan beren iritzia emateko aukera izango dute.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide