Aranzadi elkarteko kide Javi Buces eta Olatz Retegi Getariako Udaleko ordezkariekin. (Aiora Larrañaga/Hitza)
1936ko gerran eta frankismoaren lehen aldian giza eskubideen alorrean gertatutakoa ezagutzeko ikerketa prozesua abiatuko du Aranzadi Zientzia Elkarteak azaroan. Udan sinatu zuten Getariako Udalak eta Aranzadik hiru urterako lankidetza hitzarmena, eta lanean hasiko dira azaroan.
Azterketa egiteko hainbat bide jorratuko dituzte. Alde batetik, artxibo eta erregistro desberdinak arakatuko dituzte, eta Getariarekin zerikusia duen dokumentazioa ikertuko dute. Bestalde, getariarren eskutik zuzeneko informazioa ere jaso nahi dute, eta horretarako herritarren testigantzak, argazkiak eta familiako oroigarriak aztertuko dituzte. Getariarrekin harreman zuzena izateko Memoriaren Bulegoa zabalduko dute azaroaren 3tik 25era bitartean Alondegian; ostegunetan eta ostiraletan egongo da zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era. Javi Buces ikerketaren zuzendariak azaldu du «oso garrantzitsua» dela jendea parte hartzera animatzea. Horregatik, norbaitek bulegora joaterik izango ez balu, 943 46 61 42 edo 699 80 91 30 telefono zenbakietara deitu dezake eta Aranzadiko kideekin harremanetan jarri, gero beraiek joango dira herritarraren etxera. «Herritarrak lasaitasun osoz hitz egin dezakete gurekin, berriketa saioa egingo dugu belaunaldiz belaunadi familian gorde duten oroimen hori berreskuratzeko».
Hitzaldia eta erakusketa
Aranzaditik nabarmendu dute informazio guztia «baliagarria» izango dela, eta jakinarazi dute, herritarrek ikerketarako uzten duten materiala digitalizatu ondoren itzuli egingo zaiela.
Getariako alkate Nika Lertxundiren iritziz·oso garrantzitsua da herritarren testigantza jasotzea, horien bitartez osatuko baitute urte horietan Getarian gertatu zenaren «argazkia». «Herritarrak familiako kideren batek lagunduta etor daitezke Memoriaren Bulegora. Horretaz gain, nahiko balute zinegotziok ere herritarrei laguntzeko prest gaude».
Memoriaren Bulegoarekin batera, beste hainbat ekitaldi ere antolatuko dituzte. Alde batetik, azaroaren 3an, 19:00etan Euskal Herriko Gerra Zibila hitzaldia eskainiko du Iñaki Egaña historialariak. Bertan, Euskal Herrian gerrak izan zituen aurrekarien, gertakarien eta ondorioen inguruan hitz egingo du.
Bestetik, abenduaren 9tik 18ra Gorpuzkinak ateratzen, duintasuna berreskuratzen erakusketa jarriko dute udaletxeko sarrera nagusian.
Biktimen oroimena
Hasiera batean, Getariako Udalaren asmoa udazkenean hilerrian biktimen omenez monolito bat jartzea zen, «egia, justizia eta erreparazioa» behar dutela iritzita. Dena dela, Aranzadik gomendatuta monolitoa aurrerago jartzea erabaki dute. «Ikerketa hasten denean biktimen zerrenda txiki bat izaten dugu, baina ikerketa aurrera joan ahala biktima gehiago agertzen dira. Horregatik, egokiagoa da errepresioa jasan zutenen omenezko oroigarria azterketa bukatutakoan jartzea», azaldu du Bucesek.