Hilabete inguru iraungo dute errepideko zirkulazio aldaketek Getarian

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko urr. 20a, 10:23

Getariako herrigunean lanak egiten hasi dira. (Aiora Larrañaga/Hitza) Getariako Udalarentzat euri ura eta ur zikinak bereizteko azpiegitura proiektu estrategikoa da, eta 2016ko udal aurrekontuan urteko inbertsio nagusitzat aurkeztu zuten lanen bigarren fasea. N-634 errepidean egin behar duten lanen zati bat udazkenean egitea aurreikusi zuen udalak urtearen hasieran, uda partean zirkulazioan eragozpenik ez sortzeko. Beraz, zehaztutako epea bete dute eta atzo hasi ziren lanean. Astearte goizean beharginek lanerako eremua itxi eta lanak egiteko behar duten materiala biltzen hasi ziren, eta herrigunetik igarotzen den errai bat itxi dute horretarako: Elkano kaleko sarrera paretik, portuko Zumaia aldeko sarrera-irteera bitarteko zatia, hain zuzen ere. Errepidearen zati bat zulatzen ere hasi dira. Lan hauekin iaz hasitako azpiegiturak egokitzeko lanei jarraipena emango diete, eta, lanak bukatzen dituztenean, Getariako ur zikinak eta euri ura ia osotasunean banatuta egotea aurreikusi dute. Getariako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Urak erakundeak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean landu dute proiektua; eta udalak, foru aldundiak eta jaurlaritzak finantzatuko dituzte lanak. Hasieran, lanen aurrekontua 467.125 eurokoa izatea aurreikusi zuten erakundeek, baina 287.872 eurotan eman diote lana Otegi Gaztañaga eraikuntza enpresari. Aldaketak zirkulazioan Lanek lau hilabete inguru iraungo dutela azaldu du udalak. Dena dela, zehaztu dute N-634 errepideko zirkulazio aldaketak lau-bost aste iraungo dutela, langileek errepideko zatia egiten pasatzen duten denbora hain zuzen ere. Epe horretan hainbat aldaketa egongo dira N-634 errepideko zirkulazioan, Getaria parean. Alde batetik, txandakako pasoa emateko semaforoak jarri dituzte herriko sarrera-irteeran, eta bestetik, udaltzain bat ari da Zarauztik Zumaiarako norabidean portuko sarreran zirkulazioa zuzentzen eta ibilgailuak portutik barrena bideratzen. Hala ere, garraio publikoak ez du aldaketarik izango lanek irauten duten bitartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide