Euri ura eta ur zikinak bereizteko lanen bigarren fasea abiatuko dute Getarian

Getariako Hitza 2016ko urriaren 18a

Udaltzaina zirkulazioa zuzentzen Getariako sarreran. (Aiora Larrañaga/Hitza) Getariako Udalarentzat euri ura eta ur zikinak bereizteko azpiegitura proiektu estrategikoa da, eta 2016ko udal aurrekontuan urteko inbertsio nagusitzat aurkeztu zuten lanen bigarren fasea. Uda partean eragozpenik ez sortzeko, lanak udazkenean egitea aurrikusi zuen udalak, eta epea bete du, datozen egunetan abiatuko baitituzte lanak. Gaur goizean hasi dira langilean lanak egiteko behar duten materiala sartzen, eta herrigunetik igarotzen den errai bat itxi egin dute horretarako; Elkano kaleko sarrera paretik, portuko Zumaia aldeko sarrera-irteera bitartean egingo dituzte lanak. Lanekin 2015 urtean hasitako lanei jarraipena emango diete, eta lanak bukatzen dituztenean Getariako ur zikinak eta euri ura guztiz banatuta egongo da. Proiektua Getariako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Urak erakundeak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean landu dute; eta udalak, foru aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuko dituzte lanak. Hasiera batean, lanen aurrekontua 467.125,46 eurokoa izatea aurrikusi zuten, baina 287.872,49 eurotan esleitu diote lana Construcciones Otegi Gaztañaga enpresari. Aldaketak zirkulazioan Lanek lau hilabete inguru irautea aurrikusi dute, eta epe horretan hainbat aldaketa egongo dira N-634 errepideko zirkulazioan. Alde batetik, txandakako pasoa emateko semaforoak jarri dituzte herri sarrera-irteeran, eta bestetik, udaltzain bat ari da Zarauztik Zumaiarako norabidean portuko sarreran zirkulazioa zuzentzen eta ibilgailuak portutik barrena bideratzen. Dena dela, Getariako Udaletik jakinarazi dute, garraio publikoak ez duela aldaketarik izango lanek irauten duten bitartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide