Uxue Alberdi: "Urtetan egindako lanaren aitorpena da Euskadi Saria"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko urr. 14a, 13:25

Uxue Alberdi erdian, ‘Besarkada’ liburua eskuetan duela. Inguruan gainontzeko saridunak, eta Kultura sailburuorde Joxean Muñoz. (Eusko Jaurlaritza) Atzo goizean 2016ko Euskadi Sarien irabazleak zein diren jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Difusiorako Zuzendaritzak, eta haur eta gazte literatura alorrean Getarian bizi den Uxue Alberdi bertsolari eta idazlearentzat izan dela azaldu zuten. 'Besarkada' lanagatik eman diote saria. Euskadiko Artxibo Historikoan egin zuten aurkezpena, eta bertan izan zen idazlea bera, Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuorde Joxean Muñozekin eta gainontzeko saridunekin batera. Alberdi oso pozik agertu da sariarekin eta "urtetan egindako ahaleginaren aitorpena" dela sentitu du. "Literatura eta bertsolaritza munduan aurrera egiteko, gainontzeko arloetan bezala, lan asko egin behar da. Saria orain iritsi da, baina egindako ibilbidearen errekonozimendua dela uste dut". Sariak idazleentzat bultzadatxo bat direla uste du Alberdik. "Denoi gustatzen zaigu gure lana aitortzea, baina bultzada hori gabe ere berdin jarraituko nuke, hori baita betetzen nauena eta gustatzen zaidana. Hala ere, etorri denean oso pozik hartu dut aitorpena" adierazi du. Kajoian ahaztuta Alberdik Maite Gurrutxaga ilustratzailearekin batera osatu zuen Besarkada liburuari esker lortu du saria. Elkar argitaletxearekin argitaratu zuen lana 2015ean, eta "poesiaren eta artearen bidez, samurtasunaren eta fintasun kromatikoaren artean, gorputzen eta arimen arteko batasunari jarritako kantua" moduan deskribatu dute liburua. Alberdiren lanari buruz epaimahaiak nabarmendu du "besarkada batek sortarazten duen zirrara" islatzen duela. "Pentsatzeko baino sentitzeko liburu baten aurrean gaude". Izan ere, liburuan sentipenek pisu handia dute. "Txikitasunaren handitasunari gorazarre egiten dio, eta agerian uzten du literaturaren oinarrizko balio sotila: zu, ni, hitzak, irudiak eta guztiak biltzeko une bat" deskribatu du epaimahaiak. Liburua kopla bidez osatuta dago, eta hori ere balioan jarri du epaimahaiak. Besarkada liburuaren oinarri diren koplak lana argitaratu baino lau urte lehenago idatzi zituen Uxue Alberdik, baina kajoian ezkutatuta izan zituen urtetan. "Haurdun nengoela, erditu baino hamar egun lehenago idatzi nituen. Une horretan behar nuen besarkada jaso nuen, eta besarkada hori hitzez adierazteko gogoa sentitu nuen. Eñaut Elorrietak eta biok gitarraz lagunduta etxean grabatu ere egin genituen kopla horiek, eta kantu hori erabiltzen genuen ingurukoei besarkada bat bidali nahi genienean", azaldu du. Handik denbora batera kantua berriz entzun zuenean, oparitzeko album polita izan zitekeela pentsatu zuen Alberdik. Maite Gurrutxaga ilustratzaileari erakutsi zizkion koplak, eta modu horretan sortu zuten proiektua. "Maite artista handia da, eta bere ilustrazioek Besarkadari beste dimensio bat ematen diote". Barrutik ateratako hitzak Euskadi Sarien epaimahaiaren esanetan, liburua "besarkada baten magalpean, heldu batek haur bati ozenki irakurtzeko» aproposa da, «baina biharamunean haurra izan daitekeen helduari irakurtzen diona, rolak aldatuz. Izan daiteke haur batek beste bati irakurtzea ere, bitartekari batek horretarako bidea erraztu duelako". "Ohiko kode ezagunetik at dauden hizkerak eta kontatzeko moduak errazten dituela" azpimarratu du epaimahaiak, "irakurketa-uneari intentsitate intimoa erantsiz". Albediren esanetan modu naturalean ateratako hitzak dira, "ez nituen argitaratzeko sortu, eta egokiena iruditzen zitzaidan forma eman nien, barrutik ateratzen zitzaidana". Bizkaiko kopla zaharren moldea erabili zuen, "beti lehenengo bi lerrotan naturako irudi baten zertzelada ematen da, eta gero ideia borobiltzen da. Besarkada deskribatzeko aproposa dela iruditu zitzaidan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide