Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria Uxue Alberdirentzat

Getariako Hitza 2016ko urriaren 13a

Uxue Alberdi (Lander Garro) Gaur goizean 2016ko Euskadi Sarien irabazleak zein diren jakinarazi dute prentsaurrekoan, eta Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria Getarian bizi den Uxue Alberdirentzat izango dela azaldu dute. Alberdik Maite Gurrutxaga ilustratzailearekin batera osatu zuen Besarkada liburuari esker lortu du saria. Elkar argitaletxearekin publikatu zuen lana 2015ean, eta "poesiaren eta artearen bidez, samurtasunaren eta fintasun kromatikoaren artean, gorputzen eta arimen arteko batasunari jarritako kantua" dela deskribatu zuen egileak. Alberdiren lanari buruz epaimahaiak nabarmendu du "azal eta mami biltzen du besarkada batek sortarazten duen zirrara" dela liburua. Kopla bidez osatuta dago, eta hori ere balioan jarri du epaimahaiak. "Pentsatzeko baino 'sentitzeko' liburu baten aurrean gaude". Izan ere, liburuan sentsazioek pisu handia dute. "Txikitasunaren handitasunari gorazarre egiten dio eta agerian uzten du literaturaren oinarrizko balio sotila: zu, ni, hitzak, irudiak eta guztiak biltzeko une bat". Koplak liburua argitaratu baino lau urte lehenago idatzi zituen Alberdik, eta kajoian ezkutatuta izan zituen urtetan. 2015ean liburuaren aurkezpenean azaldu zuenez, egun batean Gurrutxaga ilustratzaileari bidali zizkion koplak, eta modu horretan sortu zen proiektua. Kanta bat ere egin zuten kopla horien harira, eta baita Gurrutxagaren irudiekin sortutako animazio bat ere. Aurki informazio gehiago https://youtu.be/tSp1mFQgzl0

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide