Getariako Gure Esku Dago ekimenari babesa eman dioten eragileekin lagunarteko argazkia. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Euskal Herriaren burujabetzaren inguruko herri galdeketa sustatuko duen taldeari izena jartzeko parte-hartze prozesua egin dute Getariako herritarren artean azken asteotan. Taldetik jakinarazi dutenez, 26 izen proposatu dituzten getariarrek, eta horietatik Brankan izena izan da bozkatuena. «Oso gustura gaude ekimenak herrian izan duen harrerarekin. Jakin badakigu ez dela erraza mota honetako ekimen konplexu bati izena jartzea. Zenbait herritan arazoak ere izan dituzte aukeratu den izena gustatu ez delako. Horregatik, interesgarria iruditu zitzaigun parte-hartze prozesu irekia antolatzea, eta herritarrek gehiengoz aukeratzen zuten izena jartzea», azaldu dute taldetik.
Getariarrek proposatu dituzten izen gehienak itsasoarekin lotura dutela nabarmendu dute antolatzaileek, «garrantzitsua baitzen herriaren izaera azalduko zuen zuen izena jartzea. Itsasoa handia dagoenean itsasontziak brankan mugitzen dira, itsasoaren indarrarekin atzera ez egiteko. Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimendu honek ere, zailtasunak zailtasun, aurrera egin nahi du itsasontzien antzera. Hortik datorkio izena», adierazi dute taldetik. Botoa eman duten herritarren %28 izan da Brankan izenaren alde egin duena.
Bestalde, parte-hartze prozesuak izena aukeratzeaz gain, ekimena ezagutzera emateko balio izan duela ere uste dute antolatzaileek. Izan ere, datorren udaberriko herri galdeketa egin ahal izateko hainbat urrats egin behar dituzte aurrerantzean: sinadura bilketa eta galdeketa babesteko diru bilketa, besteak beste. «Horretarako proiektua herrian ezagutzera ematea oso garrantzitsua da. Pixkanaka horretan ari gara, eta parte-hartze prozesuaren harira azken egunetan jende dezente etorri zaigu galdezka».
Proiektuaren aurkezpena
Behin elkartearen izena zehaztuta 2017ko udaberrian herri galdeketa egin ahal izateko lanean hasi behar du taldeak. Horretarako hainbat lan talde osatuko dituzte, eta herritarren parte-hartzea ezinbestekoa izango dela azaldu dute elkartetik. Dena dela, datozen asteetan proiektuaren aurkezpena egingo dute Getarian, eta bertan zehaztuko dute hurrengo hilabeteetarako ibilbide orria, eta eman nahi diren pausuak zein diren.
Galdeketa eskualde mailan egingo denez, gainontzeko herrietako talde eragileekin harremanetan daude Getariako Brankan taldekoak.