Miren Vives, Denis Itxaso eta Ana Balda aurkezpenean. (Aiora Larrañaga)
Gaur goizean argazkigintza eta moda uztartzen dituen
Ikatza eta belusa erakusketa zabaldu dute Getariako Cristobal Balenciaga Museoan. Gipuzkoako Kultura diputatu Denis Itxaso, museoko zuzendari Miren Vives eta erakusketako komisario Ana Baldak aurkeztu dute jantzi herrikoia ardatz duen erakusketa. Hala ere, "erakusketara bertaratzen direnek ez dute janzki herrikorik ikusiko. Jantzi herrikoia erakusketaren diskurtsoa eta Ortiz Etxagueren eta Balentziagaren lana lotzen duen elementu nagusia izango baita erakusketan zehar".
XX. mende hasieran jantzi herrikoiak garrantzia hartu zuen 98. belaunaldiko intelektualen eta artisten artean. "Urte horietan Espainia krisian murgilduta zegoen, industrializazioak eta modernitateak gizartean aldaketa sakonak sortu zituen, koloniak galdu zituen Espainiak, eta ustelkeria administratibo eta ekonomia zen nagusi. Horren aurrean, garaiko intelektualek uste zuten errealitate berria eraikitzeko jatorriari eta betiko balioei garrantzia eman behar zitzaiela, eta landa eremuan aurkitu zuten inspirazio iturria; besteak beste jantzi herrikoia berreskuratzearen garrantzia azpimarratu zuten" azaldu du Ana Balda komisarioak aurkezpenean. Testuinguru hori bizi zuten Cristobal Balentziagak eta Ortiz Etxaguenek, eta beren lanean ere jantzi herrikoiak islatu zituzten.
Ortiz Etxaguenek ateratako argazkia atzean, eta Balentziagak orduko emakumeen janzkeran oinarrituta sortutako hainbat diseinu aurrean. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Ortiz Etxaguen injieneria zen lanbidez, baina bere denbora librean 1910eko eta 1920ko hamarkadetan Espainia zeharkatu zuen tokian tokiko janzki herrikoien argazki artistikoak atereeaz, tartean Orioko arrantzaleak irudikatu zituen. Ondoren, argazki horiek ikatz pigmentuarekin orrazten zituen, bolumena zuten argazki bereziak sortuz. Erakusketan zehar tamaina handiko erreprodukzioak, eta argazki originalak ikus daitezke.
Cristobal Balentziagak bere ibilbidean zehar ere askotan interpretatu zituen Espainiako hainbat lurraldeetako jantzi tradizionalak. "Kapak eta mantuak inspirazio iturri hartuta esaterako janzki desberdin asko egin zituen", baita arrantzaleen lanerako jantzietan oinarritutako soineko eta berokiak ere.
Mantu tradizionala argazkian eta balentziagaren interpretazioa aurrean. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Ikatza eta belusa erakusketan bi artisten lanak uztartzen dira, eta bakoitzak bere diziplinatik abiatuta janzki herrikoia nola interpretatu zuen ikus dezakete bisitariek; "bi egileen arteko elkarrizketa bat da erakusketa" azaldu du Baldak.
Hiru aretotan banatuta
Erakusketa hiru aretotan banatuta dago. Lehenengoan jantzi herrikoiaren oinarrizko osagaiak aurkezten dituzte: gizonezkoen kapa, eta emakumezkoen mantua eta azpiko gona. Bigarren aretoak ikuspegi herrikoia du eta lanerako jantziak dira protagonista, besteak beste XX. mende hasieran Ortiz Etxaaguenek Orioko arrantzaleei ateratako argazkiak eta Balentziagaren jantziak uztartzen dira bertan. Hirugarren aretoko gaia, berriz, jaietako jantzia da, eta Espainiako lurralde desberdinetako jantziak daude ikusgai. "Jaietako jantzietan lurralde bakoitzeko kultur identitatea eta artisau tradizioa antzematen dira".
'IKATZA ETA BELUSA'
Erakusketaren izenburuak bi egileen lanari egiten dio erreferentzia. Alde batetik, Ortiz Etxaaguenek ikatza erabili ohi zuen bere argazkiak impimatzerakoan, eta ikatzak duen beltz kolorea oso ohikoa zen jantzi herrikoietan eta Balentziagaren lanean. Belusa berriz, goi mailako dirudunek jantzi ohi zuten ehuna zen, eta Balentziagak sarri erabiltzen zuen bere jantzietan.