Haurrek aukeratuko dute Potzuagako parkea eraberritzeko proiektua

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko urriaren 6a

Ibon Gereka zinegotzia Potzuaga parkeko erabiltzaileei azalpenak ematen. (Aiora Larrañaga) Astearte arratsaldean Getariako Udaleko ordezkariak Potzuaga parkeko erabiltzaileekin bildu ziren, haurrekin eta gurasoekin. 2016ko udal aurrekontuetan Potzuaga parkea berritzeko partida gorde zuen udalak, eta datozen hilabeteetan parkea eraberrituko dute. Dena dela, ez dute ohiko prozedura jarraituko. Getariako Udalak parte-hartze prozesua abiatu du, eta, azkenean, 2-12 urte bitarteko haurrek erabakiko dute aurkezten diren proiektuetatik zein duten gustukoena. Parte-hartze prozesuaren nondik norakoak azaltzeko antolatu zuten astearteko bilera Potzuaga parkean bertan, eta han bildu ziren herritarrek hainbat proposamen egin zizkieten udaleko ordezkariei: parkeko berdegunea ere haurrak jolasteko aprobetxatzea eta adinekoek mugikortasuna lantzeko ekipamendua jartzea, besteak beste. Gainera, gaur egungo parkeak dituen hainbat arrisku azaltzeko ere aprobetxatu zuten hitzordua gurasoek. Potzuaga parkearen inguruko proposamenak eta ideiak idatziz aurkeztu beharko dituzte herritarrek datorren astelehena bitartean. Udal bulegoaren kanpoko aldean dagoen kutxan utzi behar dituzte iradokizunak edo udala@getaria.org helbidera bidali proposamena «Potzuaga Parkea» gaia zehaztuta. Getariarrek egindako proposamenak Potzuaga parkea berritzeko lanen esleipenerako baldintza agirian jasoko ditu udalak. «Jakin badakigu parkea berritzeko jaso dugun aurrekontua, 22.495 eurokoa, ez dela handia», azaldu zuen Ibon Gereka zinegotziak. Horregatik, enpresak ez dira proposamen horiek jasotzera derrigortuta egongo. «Hori bai, jakingo dute proiektu irabazlea haurrek erabakiko dutela, beraz, gero eta proposamen gehiago kontuan hartu, proiektuek bozka gehiago jaso ditzazkete ondoren». Prozedura Behin enpresek proiektuak aurkeztutakoan, aukeratzeko prozesuan 2 eta 12 urte bitarteko haurrek bozkatuko dute. Horretarako lehenik eta behin enpresek proiektuak azaltzeko egingo dituzten 3D irudiak ikusiko dituzte, eta gero gustukoena aukeratuko dute. Iturzaeta Eskolan ikasten duten haurrek ikastetxean bertan landuko dute parte-hartze prozesua, eta bozka kutxa bat eskolan jarriko du udalak. Herritik kanpo ikasten duten haurrek, berriz, Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango dituzte proiektuak azalduko dituzten eskuorriak. Proiektu gustukoena aukeratu ondoren, Turismo Bulegoan jarriko duten kutxan bota beharko dute beren bozka. Boto kontaketa publikoa izango da eta bozketa prozesua amaitu eta hurrengo egunean egingo dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide