Getaitri taldeko kide bat Getariako Salbatore Biatloian parte hartzen. (Getaitri)
2017 denboraldiari begira Getaitri Triatloi Klubak herritarrak taldean parte hartzera animatu ditu. "Batez ere neskak eta gazteak animatu nahi ditugu. Gazte askok Salbatore Biatloian parte hartzen dutela ikusita, triatloia probatzera gonbidatu nahi ditugu" azaldu dute taldetik.
Bestalde, Getarian korrika egiteko talde ere bultzatu nahi dute. Getaitriko kideak ohartu dira bakarka jende asko aritzen dela korrika. Taldean korrika aritzeak dituen onurak ikusita, taldea sortzea ideia polita dela uste dute. Maila eta adin guztietako getariarrak bildu nahi dituzte bertan, emakume zein gizon. Jakin badakite "mailaren arabera batzuk azkarrago eta besteak mantsoago ibiliko direla, edo ibilbide motzago edo luzeago egingo dutela". Dena dela, taldean denentzat tokia egongo dela azpimarratu dute. Behin taldetxoa sortuta, taldekideek erabakiko dute astean zenbatetan elkartu eta zer ordutegi jarraitu. Taldearen helburua, inongo konpromisorik eta loturarik gabe taldean, giro onean, kirola egitea izango da.
Triatloi taldean edo korrika taldean parte hartu nahi dutenek Getaitri Triatloi Klubeko kideren batekin harremanetan jarri beharko dute, edo
getaitri@gmail.com helbidera idatzi.