Euskal Estatua Edukiz Jantziz ekimena martxan jarri dute Getariako Eskubide Sozialen Kartak eta Getariako Gaztetxeak. (Hitza)
Getariako 34 eragilek, Gure Esku Dago dinamikaren barruan, herrian datorren udaberrian burujabetzaren gaineko herri galdeketa egiteko borondatea erakutsi dute. Getariako Eskubide Sozialen Kartak eta Getariako Gaztetxeak urrats bat aurrera egin dute, eta galdeketan baiezkoaren alde egiteko konpromisoa hartu dute. Galdeketaren aurrean herritarrak informatzea eta formatzea ezinbestekoa dela uste dute bi eragileek, eta horretarako Euskal Estatua edukiz jantziz egitasmoa abiatu dute.
Gaur izango da egitasmo horren barruko lehen saioa Alondegian. 19:00etatik aurrera, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Iker Iraolak Euskal Estatua irudikatzen liburua aurkeztuko du getariarren aurrean.
Gaurkoa lehen saioa izango bada ere, apirilera bitartean hainbat hitzaldi eta mahai inguru antolatu dituzte, eta Eskoziako eta Kataluniako prozesua gertutik bizi duten adituak parte hartuko dute saioetan; besteak beste, Kataluniako Generalitateko Presidentzia Departamenduko Autogobernuaren Ikerketa Institutuko kide Marc Sanjaumek.
EGITARAUA
Urria
Gaur, urriak 4. 19:00etan, Euskal Estatua irudikatzen liburuaren aurkezpena Alondegian.
Urriak 27, osteguna. 19:00etan murrizketa sozialez eta euskal herritarron etorkizuneko erronkez mahai ingurua Alondegian, Adrian Zelai, Garbiñe Aranburu eta Joseba Villarrealekin.
Azaroa
Sektore publikoaren aldeko jardunaldiak.
Azaroak 16, asteazkena. 19:00etan, Krisia, zorra eta osasun publikoa hitzaldia, Alondegian. Angeles Maestro sendagilearen eskutik. Gaztelaniaz.
Azaroak 17, osteguna. 19:00etan, Alondegian hitzaldia Ogasun eta Finantza Diputatu ohi Helena Francoren eskutik.
Abendua
Abenduak 19, astelehena. 19:00etan, gogoeta merienda, Alondegian. Gure geroak independentzia behar du Independentistak Sarearen eskutik.
Abenduak 29, osteguna. Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia aurkezpen bertso saioa Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendirekin. 17:30ean, liburutegian edo Berdura Plazan.
2017ko urtarrila
Urtarrilak 24, asteartea. 19:00etan, udalbatzar aretoan, mahai ingurua Martxelo Otamendi, Iñaki Soto eta Jurdan Arretxe kazetariekin.
2017ko otsaila
Otsailak 9, osteguna. 19:00etan, EHUko irakasle Asier Blasen hitzaldia Alondegian. Euskal Estatua, kudeaketarako tresna egokia: aniztasuna, demokrazia eta justizia soziala.
Otsailak 22, asteazkena. Independentzia helburu laneko Euskal Estatugintza feministaren aurkezpena Jule Goikoetxearen eskutik. 19:00etan, Alondegian.
2017ko martxoa
Martxoak 9, osteguna. Kataluniako egoera hizpide. Herritarren eskubide eta ongizatearen bidean, Catalunyako Errepublika sortzen. Hizlariak: Marc Sanjaume eta Jaume Lopez.
Martxoak 14, asteartea.
Cat Boyd-ek hitzaldia emango du bideokonferentziaz Eskoziako independentzia ezkerretik eraikiz gaia ardatz hartuta. 19:00etan, udaletxean, udalbatzar aretoan.
2017ko apirila
Apirilak 4, asteartea. 19:00etan, Pentsiodunen Elkartean hitzaldia, EHUko irakasle Mikel de la Fuenteren eskutik.
Apirilak 6, osteguna. Gazteok bai euskal estatuari hitzaldia, Independentista Sareko Mikel Urdangarinen eskutik. Gaztetxean, 19:00etan.
Apirila bukaeran eta maiatza hasieran, independentziaren aldeko herritarren atxikimenduak.