1960tik aurrera Getarian gertatutako giza eskubideen urraketen inguruko ikerketa egingo dute

Getariako Hitza 2016ko irailaren 30a

Ikerketa zuzenduko duen Maialen Lizarralde aditua, Getariako Udaleko ordezkariekin. (Aiora Larrañaga/Hitza) Baketik Fundazioak egingo du ikerketa, eta 1960tik euskal gatazkaren barruan Getarian gertatu diren giza eskubideen urraketak eta gertakari traumatikoak aztertuko dituzte. Hiru informazio iturri jorratuko dituzte horretarako: ikerketa eta bibliografia desberdinen azkerketa, hemeroteka, eta herritarren testigantzak. Herritarren testigantzak ezinbestekoak izango dira ikerketarako, horregatik Getariako Udalak herritarrak animatu ditu gaiarekin erlazioa duen kontakizunak edo informazioa konpartitzera. Horretarako hemendik martxora bitartean beren esperientzia kontatu nahi duten herritarrekin bilduko da ikerketa zuzenduko duen Maialen Lizarralde aditua. Ikerketan parte hartzeko interesa dutenek 605718297 telefono zenbakira deitu dezakete, eta m.lizarralde@baketik.org helbidera idatzi Lizarralderekin harremanetan jartzeko. Ikerketak Errenterian egin den Memoria partekatu baterantz txostena izango du eredu, eta ideologia desberdinetako herritarren testigantzetan oinarrituta memoria konpartitu bat osatu nahi dute. Modu horretan "bizikidetza berria sustatu eta zauriak sendatzen laguntzeko bidea" egin nahi du Getariako Udalak, "gertatutakotik ikasteko, berriro errepikatu ez dadin". Udaleko ordezkariek jakin badakite gertatutakoaren inguruan bakoitzak bere kontakizuna izan dezakeela, baina Getariako alkate Nika Lertxundik argi utzi du "biktimen sufrimendua pertsonala dela, horregatik inori ez dagokio epaitzea, ezta kalifikatzea ere". Ikerketa bukatutakoan txosten bat osatuko dute. Dena dela, ez da behin betiko txostena izango,  irekita geratuko baita. "Datu eta interpretazio berriekin osatu beharko da txostena denbora pasa ahala. Beraz, txostena ez da bukatutzat emango". 2013tik bakea eta bizikidetza lantzen Getariako Udala ahalegin berezia egiten ari da herrian bizikidetza lantzeko, eta 2013tik hainbat ekimen antolatu dituzte ildo horretan. Udalbatza osatzen duten udal taldeak adostasun politikora iritsi dira, eta bakea eta bizikidetzaren berradiskidetzearen inguruko parte-hartze saioak herritarrekin, solasaldiak eta udal ordezkarientzat formazio saioak besteak beste. Aurkeztu duten ikerketarekin azken urtetako bidea jorratu nahi du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide