Getariako Gaztetxeko kide Unai Aldalur. (Aiora Larrañaga/Hitza)
UNAI ALDALUR - Getariako Gaztetxeko kidea
Iaz Gazte Eguneko ekitaldiek izan zuten arrakasta ikusita, aurten ere Getariako gazteak bildu dira, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte Salbatore jaietarako. Getariako Gaztetxeko kide Unai Aldalur (Getaria, 1990) antolaketa lanen inguruan aritu da.
Berrikuntzarik izango al duzue aurten?
Bai, lehen aldiz Paella Lehiaketa antolatu dugu. Iaz denon artean prestatu genuen bazkaria, baina nahiko korapilatsua izan zen, zaila baita hainbeste lagunentzat behar den janari kopurua kalkulatzea. Aurten aukera desberdinak aztertu ditugu, eta Paella Lehiaketa egitea erabaki dugu. Kuadrillaka antolatuta egongo da, eta uste dugu eguerditik jai giroa pizteko modu polita izan daitekeela.
G
astronomiarekin lotutako hainbat lehiaketa dituzue salbatoretan. Badirudi getariarroi bereziki gustatzen zaizuela sukaldeko saltsa?
Egia esan, horrelako lehiaketek oso harrera ona izaten dute Getarian, sukaldeko giroa atsegin zaigula dirudi. Marmitako Lehiaketan esaterako jendetza biltzen da urtero. Paella Lehiaketa ere oso harrera ona izaten ari da gazteen artean, eta dagoeneko kuadrilla mordoak eman dute izena. Denera 170 lagun inguru bilduko gara.
Gazte Eguna ostiralean izango da, baina baltsa lasterketa beste egun batean antolatu duzue. Zergatik?
Gazte Egunean bazkaria egiten dugu. Lehen baltsa lasterketa egun horretarako antolatzen genuen, baina jendeari kostatu egiten zitzaion bazkalondoren baltsarekin moilara jaistea. Horregatik, beste egun batean antolatu dugu.
Nola sortu zen Gazte Eguna antolatzeko ideia?
Iaz 17-18 urteko gazteek Salbatoretan txosna bat jartzeko bilera deitu zuten. Gaztetxetik urtebete gindoazen txosna jarri gabe lanerako boluntarioak bilatzeko arazoak izaten genituelako. Horregatik, gazteen interesa ikusita laguntzeko prest agertu ginen. Aurten ere bide bera jarraitu dugu, asanblada irekiak deitu ditugu eta egitarau polita antolatu dugu.
Zer lortu nahi duzue jaiarekin?
Jai herrikoiak eta parte-hartzaileak nahi ditugu, eta gazteak jaiez gozatzera kalera ateratzea nahi dugu. Izan ere, gazteok jaietan normalean kalera 19:00etatik aurrera ateratzeko joera dugu, eta ekitaldi desberdinen bidez ohitura hori aldatu nahi dugu.