Getariako informazio bulegoa berritu egin dute. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Getariak informazio bulego erosoa eta osatua du uda hasieratik. Getaria bisitatzera etortzen den herritar kopurua gero eta handiagoa zela ikusita informazio bulegoa egokitzeko beharra ikusi zuten udaletik. Nika Lertxundi alkateak adierazi duenez, "aurreko bulegoa oso txikia zen, laupabost lagun baino gehiago ez zen sartzen bertan, eta bisitariek kanpoan itxaron behar izaten zuten beren txanda". Horregatik bulegoa handitzea erabaki dute. "Aurreko bulegoaren atzean biltegi handi bat zuen udalak, paretak bota eta dena bat egin dugu gune eroso bat sortuz".
Itxurari dagokionean ere aldaketak egin dituzte. Bulegora sartzerako bisitariek Getaria berezi egiten duten hainbat elementurekin topo egingo dute. Arrantza giroko elementu eta argazkiak, eta Cristobal Balenciaga Museoko eta herriko mahastien irudiak daude besteak beste paretetan. Horretaz gain, Juan Sebastian Elkanori buruzko erakusketa ere jarri dute informazio bulegoan. "Udalak biltegian Elkanorekin erlazionatutako hainbat elementu zituen, eta horiek denak ikusgai jarri ditugu, Getariara etortzen denak Elkano nor den jakin dezan". Aldaketarekin infomazio gunetik pasatzen direnek Getariaren izaera ezagutzea nahi dute. "Getaria zer da jakitea alegia".
Horretaz gain, bulegoak bi langile ditu orain, "bisitariei arreta egokia emateko". Turismoaz gain, herritarrei zerbitzua ere eman nahi die gune berriak. "Udaletik antolatzen diren ekimenetan izena eman beharko balitz, aurrerantzean herritarrek informazio bulegoan horretarako aukera izango dute".