Iaz bi gazte patata tortilla prestatzen. (Aiora Larrañaga/Hitza)
14-18 urteko gazteek sukalderako dohainak erakusteko aukera izango dute Salbatore Jaietako IV. Patata Tortilla Lehiaketan. Aurten abuztuaren 9an egingo dute, asteartearekin; parte-hartzaileak bikotetan banatuta 11:00etan hasiko dira sukaldatzen, eta 12:30erako bukatuta eduki beharko dituzte beren patata tortillak epaimahaiak dastatu ditzan. Antolatzaileek zehaztu dutenez, epaimahaiak kontutan hartuko ditu: tortillaren itxura, zaporea eta sukaldarien jantziak, beraz azken puntuan irudimena eta originaltasuna ere garrantzitsuak izango dira.
Patata Tortilla Txapelketan izena eman nahi dutenek, abuztuaren 1a bitartean izango dute horretarako aukera udaletxean eta turismo bulegoan. Antolatzaileek jakinarazi dute lehian parte hartzen duen bikote bakoitzak zartaia, labana, sardexka eta osagaiak nahasteko eta tortillari buelta emateko ontziak eraman beharko dituela. Sua eta osagaiak antolakuntzak jarriko ditu, eta bikote guztiei lau patata, bost arraultza, olioa eta gatza emango dizkiete.