Salbatoretako Marmitako Lehiaketa. (Hitza)
Aurten abuztuaren 7an egingo dute Getariako Salbatore Jaien barruan XX. Marmitako Txapelketa. 38 bikoterentzat tokia izango da lehian, beraz bikote gehiagok izena ematen badute zozketa egingo dute antolatzaileek. Udaletik jakinarazi dute iaz zozketatik kanpo geratu ziren bikoteak aurten zuzenean sartuko direla txapelketan, beti ere bikotea iazko lagun berek osatzen badute; horretaz gain, iazko saridunak ere zozketa pasa gabe onartuak izango dira.
Urtero Marmitako Txapelketaren ondoren bazkaria egiten dute Salbatoretan. Aurten 600 lagunentzat tokia izango da, eta parte-hartzaileek uztailaren 28am, 29an eta abuztuaren 1ean eta 2an erosi beharko dituzte txartelak.
20 lagunentzat marmitakoa
Marmitako txapelketan parte hartzen duen bikote bakoitzak 20 lagunentzat marmitakoa prestatu beharko du. Abuztuaren 7an 10:00etan hasiko dira sukaldatzen, eta 13:00etarako suak itzali beharko dituzte. 13:15ean pasako dira epaimahaiko kideak marmitakoak dastatzera.
Antolatzaileek jakinarazi dute beraiek jarriko dituztela marmitakoa egiteko behar diren osagaiak, sua eta lapikoak, baina sukaldeko tresnak bikote bakoitzak eraman beharko ditu.