Suberri taldea
Akordeoi hotsak hartuko du gaur arratsaldean Getariako elizaren ataria. Suberri Akordeoi Taldeko kideek kontzertua eskainiko dute 22:30etik aurrera, eta horien artean izango da Eider Iribar akordeoi-jotzaile getariarra ere. Duela urte eta erditik parte hartzen du Iribarrek Suberri taldean: «Akordeoi mundutik ezagutzen ziren hainbat musikari elkartu ziren, eta taldea sortu zuten 2012an. Horrelakoetan denbora behar izaten da taldea egonkortzeko, batzuk joan egin ziren eta beste batzuk iritsi gara». Egun adin desberdinetako akordeoi-jotzaileek osatzen dute Suberri, baina helburu bera partekatzen dute: «Akordeoi musikaren bidez disfrutatzea, guk geuk eta entzuleek».
Iribarri taldekide batek proposatu zion taldean parte-hartzea. «Nire akordeoi irakaslea izan zena Suberriko kidea da, eta hark animatu ninduen taldean parte hartzera». Ordurako akordeoia utzita zuen getariarrak, baina segituan hartu zuen martxa. «Haurra nintzenean akordeoia jotzen nuen, bakarka eta orkestran, eta berriz ere taldean jotzera animatu nintzen, oso proiektu interesgarria iruditu zitzaidan-eta». Suberriko parte-hartzaile gehienak zaletuak dira, horietako batzuk akordeoia dute lan tresna, baina gainontzekoentzat
hobby-a da.
Akordeoia ezagutaraziz
Suberrik akordeoiaren bidez musika estilo desberdinak eskaintzen dizkio publikoari. Jazza, musika klasikoa, tangoa, modernoa eta tradizionala jotzen dituzte besteak beste. Gainera, beste hainbat talderekin ere kolaborazio lanak egin ohi dituzte. «Akordeoia publikoarengana iristea nahi dugu, eta hori errazagoa da estilo desberdinetako abestiak interpretatuz, kontzertuak erakargarriagoak izaten baitira. Gainera, beste taldeekin elkarlanak ere aberastu egiten gaituela uste dugu». Suberriko kideek jakin badakite akordeoiaren doinua oraindik ezezaguna dela herritar askorentzat, «haizezko edo sokazko musika-tresnen taldeak ezagunagoak dira, akordeoi talde gutxi baitaude. Dena dela, publikoak oso harrera ona izan ohi du gure kontzertuetan». Horregatik, getariarrak gaur iluntzeko kontzertuaz gozatzera animatu dituzte.