Getariarrek 1936ko gerran eta frankismoaren lehen aldian bizitakoa ikertuko dute

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko ekainaren 22a

Aranzadi Zientzia Elkarteko kide Jabi Buces eta Juantxo Agirre, Getariako alkate Nika Lertxundi
eta Getariako Udalean EAJko bozeramaile Aitor Urresti. (Aiora Larrañaga) Astelehen goizean Getariako alkate Nika Lertxundik eta Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusi Juantxo Agirrek hiru urterako lankidetza hitzarmena sinatu zuten Getariako udalbatzar aretoan. Getariako Udalak 1936ko gerran eta frankismoaren lehen aldian giza eskubideen alorrean gertatutakoa ezagutzeko ikerketa prozesua abiatu nahi du. «Garai horretan, Getariako hainbat bizilagunen eskubideak urratuak izan ziren, eta 80 urte pasatu ondoren, garrantzitsua iruditzen zaigu gertatutakoaren egia ezagutzea. Udalbatza osatzen dugun bi alderdiok ados gaude ikerketa prozesua abiatzearekin», adierazi zuen Lertxundi alkateak. Bestalde, Aranzadiko idazkari nagusi Juantxo Agirrek azaldu zuen, gaur egun oraindik «ezezaguna» dela garai horretan gertatutakoa, egoera hori bizi duten herritar askok isilpean gorde dutelako: «Herritarren sufrimendua ez dago idatzita». Horregatik, ikerketaren helburu nagusia Getariako bizilagunen istorioak eta egiak azaleratzea da. Aranzadik ez du ikerketa historikoa egitea helburu, «orokorrean jakina baita zer gertatu zen 1936ko gerran Euskal Herrian. Gure lana da, pertsonei, izen eta abizenekin, zer gertatu zitzaien ikertzea». Jasotako informazioarekin liburu dibulgatibo bat osatuko dute. Horrez gain, Getarian bilduko duten informazio guztia Getariako Udalak Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko giza eskubideen zuzendaritzetara bidaliko du, Getariako datuak Euskal Herri mailako datu base orokorrean jasota geratu daitezen. Getariarren parte-hartzea Aranzadi Zientzia Elkarteko kide Jabi Buces arduratuko da ikerketa zuzentzeaz. Horretarako hainbat bide jorratuko ditu lan taldeak. Alde batetik, artxibo eta erregistro desberdinak arakatuko dituzte eta Getariarekin zerikusia duen dokumentazioa ikertuko dute. Bestetik, herritarren testigantzak, argazkiak eta familiako oroigarriak ere aztertuko dituzte. «Informazioa guztia ez dago dokumentuetan, herritarrek jasan zuten errepresioa ez da paperetan agertzen. Horregatik, getariarrek izan dezaketen informazio guztia baliagarria izango da. Horregatik, oso garrantzitsua da guretzat getariarren laguntza». Elkartetik jakinarazi dute, herritarrek ikerketarako uzten duten materiala (gutunak, argazkiak edota objetuak), ondoren digitalizatuta itzuliko zaiela originalarekin batera. Herritarrek Aranzadi elkartearekin harremanetan jartzeko hainbat bide izango dituzte. Alde batetik, 699-80 91 30 telefono zenbakira deitu dezakete edo jbuces@aranzadi.eus helbidera idatzi. Horrez gain, Oroimenaren Bulegoa irekiko dute uda ondoren Getariako udaletxean, herritarrek nahi dutenean bertara agertu eta ikerketan parte hartzeko aukera izan dezaten. Getariako alkate Nika Lertxundik getariarrei ikerketan parte hartzeko deia egin die. «Hamarkadetan zehar etxeko sukaldeetan isilpean kontatu diren istorioak ikerlariei kontatzea nahiko genuke, testigantza horiek denak guztiz beharrezkoak baitira gure herriko egia ezagutzeko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide