Herritar ugari bildu zen asteartean Getariako hilerrian Aranzadiko kideen azalpenak entzuteko. (Aiora Larrañaga/Hitza)
1936ko gerran Getariako hilerrian fusilatu zituzten hiru lagunen gorpuak aurkitzeko indusketak egin ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak, baina ez dute haien gorpuzkirik aurkitu. Nika Lertxundi Getariako alkateak astearte arratsaldean hilerrian bertan egindako ekitaldian azaldu zuenez, herrian jakina izan da 1936ko gerran hiru lagun fusilatu zituztela herriko hilerrian, baina ez da inoiz horren inguruko lanketa sakonik egin. «Duela bi urte Teodoro Mitxelena Zumetari omenaldia egin zion Orioko Udalak, urte askotako isilunea hautsi eta gertatua kontatzeko asmoz». Mitxelena langilea zen, eta Solidaridad de Trabajadores Vascos sindikatuan, egungo ELAn, afiliatuta zegoen. Harekin lan egiten zuen eskuin muturreko langile batek salatu zuen, eta falangistek Getariako hilerrian fusilatu zuten.
Getariako alkatea Orioko Udalak Mitxelenari egindako omenaldian izan zen Getariako ordezkari moduan, eta Mitxelenaren alaba Karmen Mitxelena ezagutu zuen han. «Karmenek ez zuen bere aita ezagutu, baina min hori barruan izan du 80 urtetan. Urtero etortzen da Getariako hilerrira bere oroimena gogoratzeko. Hilerrian dagoela badaki, baina ez daki zehazki non lurperatuta dagoen».
Egoera horretatik abiatuta jarri zen Getariako Udala martxan. Eusko Jaurlaritzaren bitartez Aranzadi Zientzia Elkartearekin harremanetan jarri eta ordura arte zuten informazioa lantzen hasi ziren. Jakin bazekiten «hiru giza-seme eraman zituztela Zarauztik Getariako hilerrira; bertan fusilatu eta lurperatu egin zituztela, ezkutuan gauaren iluntasunean» azaldu zuen Lertxundik. Horiek dira: alde batetik, Teodoro Mitxelena Zumeta oriotarra 44 urte zituela hil zuten 1936ko urriaren 24 eta 25 bitarteko gauean. Bestetik, Antonio Usabiaga Zabala zarauztarra 33 urterekin hil zuten 1936ko urriaren 3an; eta hirugarrena Gregorio Diez Martinez nafarra, Donostiako Gros auzoan bizi zena. Dakitena da, azken aldiz hori Usabiagarekin batera ikusi zutela.
Lekukoen testigantza
Indusketekin hasteko, lekukoen testigantzetan oinarritu dira. «Horiei esker jakin dugu zer gertatu zen hilerrian. Batek esan zuen hilerriaren erdialdean lurperatu zituztela hilotzak. Horrela bada ezin dira berreskuratu, hilerriko obrak egin zirenean eremu horretan zeuden gorpuzkiak hezurtokietara eraman zituztelako».
Bigarren testigantzak, hilerriaren hegal bat seinalatu zuen. «1945eko argazki baten bidez jakin dugu garai horretan hilerria nolakoa zen, eta indusketak egin diren eremua orain bezala zegoela konturatu ginen. Horregatik, eremu honetan lurperatu bazituzten hiru lagunen hilobia aurkitzeko esperantza txiki bat bagenuen», azaldu zuen Lertxundik.
Dena dela, lanean hasteko, lehenengo eremu horretan lurperatuta zeuden hainbat getariarren hilobiak atera behar izan dituzte. «13 hilobi zeuden, horien familiakoei baimena eskatu diegu, eta banan-banan atera dituzte Arantzadi Zientzia Elkarteko kideek».
Gudari baten hilobia
Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaile Lourdes Errasti eta Pako Etxeberria aritu dira beren lan taldearekin indusketa lanak egiten, eta lekukoaren testigantzan oinarrituta ikertuz joan dira. Aurrena atetik gertu dagoen eremua aztertu dute. Eremu horretan aurkitu dituzten hilobi guztiak kristau erara lurperatuta daude; gora begira, eskuak luzatuak edo bular gainean jarrita, eta zenbaitek oraindik gurutzea daramate bular gainean. «Konturatu ginen eremu horretan ez zegoela inondik inora hobi horren arrastorik», adierazi zuen Lourdes Errastik astearteko ekitaldian.
Pako Etxeberria azalpenak ematen asteartean Getarian. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Bigarren eremuan, berriz, hiru hilobi aurkitu dituzte, eta horien artean badago bat berezia dena. «Gerra garaikoa dela uste dugu. Ez du zerraldorik, ez dago kristau erara lurperatua, hankak bilduta baititu, eta horregatik uste dugu modu azkar batean lurperatu zutela, eta horregatik geratu zitzaizkion belaunak tolestuta». Gainera, gerriko baten arrastoa ere badu, Eusko Guradoresteko gudariek eramaten zuten janzkeraren parte dena. «Ez zen frenterik izan Getarian, baina frankistak atzetik zituztela errepublikarrak ihesi pasatu ziren hemendik, eta posible da norbait gudan-edo zaurituta hil eta hemen lurperatzea presaka», azaldu zuen Lertxundik.
Ondorioz, 1936ko gerra garaiko hilobi bakarra aurkitu dute, baina ez dute fusilatu zituzten hiru lagunen hobiaren arrastorik topatu. Errastiren esanetan, «hobia inguru horretan bazegoen, ez da horien arrastorik geratu, albo batean dauden panteoiak egiterakoan hor zeuden hilobi guztiak altxatu egin baitzituzten».
Egia eta oroimena
Getariako hilerrian fusilatu zituzten hiru lagunen arrastoa aurkitu ez badute ere, Getariako alkate Nika Lertxundiren iritziz oso garrantzitsua izan da lanketa egitea. Ildo horretan, Getariako Udalari ezinbestekoa iruditzen zaio gaia lantzen jarraitzea, eta udalak hitzarmena sinatuko du Aranzadi Zientzia Elkartearekin 1936ko gerran eta lehen frankismoan Getarian gertatu ziren giza eskubideen urraketak ikertu, eta horietan oinarrituta kontakizuna berregiteko; Amagoia Gurrutxaga izango da lan horren ardura izango duena. «Udalak uste du, 80 urte pasatuta, ahal den neurrian gertatukoaren egia ezagutzeko beharra dagoela». Horrez gain, orain eremua berriz ere lurrez estaliko dute, eta asmoa da urrian edo azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean, eremu horretan monolito bat jartzea.
Ekitaldia bukatzeko, Nika Lertxundi alkateak nabarmendu zuen «egia, justizia eta erreparazioa» behar dutela biktimek, eta eskerrak eman zizkien fusilatuak izan ziren pertsonen familiakoei izan dute jarreragatik, Eusko Jaurlaritzari eta Aranzadi Zientzia Elkarteari.