Cristobal Balenciaga Fundazioaren patronatua osatzen duten kideak bildu dira. Getariako museoak hainbat arlotan izan duen hazkundea nabarmendu dute denek.
Atzo eguerdian Cristobal Balenciaga Museoaren 5. urteurrena ospatzeko agerraldia egin zuten Cristobal Balenciaga Fundazioko patronatuko ordezkariek. «Jakin badakigu bost urte ez dela ibilbide luzea, baina uste dugu proiektuaren lehen urteak beti direla garrantzitsuak etorkizun oparoa izango duen egitasmoaren oinarriak errotzeko», adierazi zuen Miren Vives museoko zuzendariak.Ildo horretan, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultur sailburuordeak nabarmendu zuen Getariako Cristobal Balenciaga Museoa «bizi-bizirik» dagoela; «gorakada nabarmena egin du museoak bost urtetan zehar arlo guztietan, eta horren erakusgarri da besteak beste bertako bilduma. 2011n 1.039 piezaz osatutako bilduma zuen eta egun 2.150 piezek osatzen dute».
Datuek erakusten dute museoa «sendotzeko bidean» dagoela, eta horren gakoa «sinesgarritasuna» dela uste du Muñozek. «Museoak bildumagileen konfiantza irabazi du, eta askok beren altxorrak museoari uzten dizkiote ». Duela bi urte esaterako, Balentziagaren jantzien bildumagilea zen Ameriketako Estatu Batuetako emakume aberats batek 400 pieza oso garrantzitsu eman zizkion museoari. «Horrek esan nahi du museoak oihartzuna duela mundu osoan zehar eta erreferente bihurtu dela. Bertako lan taldeak egindako lan serioari esker sinesgarritasuna du erakundeak, eta hori funtsezkoa da museo batentzat». Oinarria errotuta, aurrera begira hainbat erron- ka ditu museoak; Muñozen esanetan, «nazioartekotasuna da horietako bat».
Estetikatik haratago
Miguel Gonzalez Suela Espainiako Kultura Ministerioko Museo zuzendariordeak adierazi zuen, Cristobal Balenciaga bereizten zuten ezaugarriak bere egin dituela Getariako museoak. «Sortzeko gaitasun harrigarria, dohai estetiko aparta eta teknika bikaina. Gainera, Frantziako goi mailako joskintza eta Espainiako tradizioa uztartzen jakin zuen. Ezaugarri horiek egin zuten Balenciaga XX. mendeko sortzailerik garrantzitsuena». Gonzalez Suelaren esanetan, Getariako museoak Balentziagaren figura «balioan jarri du,eta bere lanari azalpen zientifikoa eman dio, museoaren lana arlo estetikotik haratago baitoa. Balentziagaren lana osatzen duten elementuak garaiko testuinguan kokatzen ditu, inguruarekin erlazionatuz».
Bisitarientzat erakargarri
Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuaren iritziz Cristobal Balenciaga Museoak bost urtetan zehar lan handia egin du «gizartea modaren inguruan sentsibilizatzeko, moda beste arte adierazpen bat dela ulertarazteko, eta herritarrengan arlo horretan iritzi kritikoa sortzeko».
Gainera, turismo arloan duen erakargarritasuna ere nabarmendu zuen Itxasok. «Gipuzkoa mailako baliabide turistiko garrantzitsuenetakoa da Cristobal Balenciaga Museoa, ondare kulturala eta estetikoa, inguru ikusgarriarekin uztartzen baititu». Kultur diputatuak potentzialtasun hori hazten joatea espero du.
Lan taldearen jarduna
Getariako alkate Nika Lertxundik museoak, 2011tik, ireki zenetik izan duen bilakaera nabarmendu zuen. «Ez da ibilbide erraza izan, zailtasun asko izan ditugu bidean, baina gaur egun museoaren egoera ona da, eta etorkizuna guztiz baikorra. Patronatuko azken bileran ere, etorkizuneko asmoak izan genituen hizpide». Ildo horretan, Lertxundik gogorarazi zuen Cristobal Balenciaga Fundazioaren patronatuan talde politiko desberdinetako politikariak biltzen diren arren, adostasunetara iristeko gai izan direla. Bukatzeko, Lertxundik Balentziagako lan taldeak Miren Vivesen gidaritzapean egiten duen lana goraipatu zuen. «Proiektuan sinesten dute, eta haiei esker iritsi da museoa gaur egun dena izatera».