Herriko adinekoak omendu dituzte asteburuan Getarian

Getariako Hitza 2016ko ekainaren 6a

Aurten ere Getariako Guraso Elkarteak herriko adinekoak omendu ditu. (Irantzu Ezenarro) Aurtengoan Guraso Elkarteak Jose Galdos (1926) eta Maria Etxeberria (1920) omendu ditu Zahartzaroari Omenaldian. Urtero herriko erretiratuekin bazkaria antolatzen dute eguna ospatzeko. Igandeko omenaldian herriko 96 erretiratu elkartu ziren. Meza Nagusiaren ondoren Salbatore Abesbatzak eta bandak kontzertua eskaini zuten Salbatore Elizan beren omenez, eta ondoren, Zumaiako Marina Berri jatetxera bazkaria egin zuten. Bazkaldu aurretik herriko apaizak, Rafaelek, bedeinkapena egin zuen bertsotan. Guraso Elkartetik jakinarazi dute, "giro ezin hobea" izan zutela, eta bazkaldu ondoren dantzaldia egin zutela. Agur Jaunak abestuz eman zioten amaiera aurtengo omenaldiari. Omendurako bi getariarrek ezin izan zuten bazkarian egon adina dela eta. Dena dela, igande eguerdian joan ziren Guraso Elkarteko kide batzuk eta Getariako alkate Nika Lertxundi beraien etxeetara joan ziren opariak ematera: oroigarria, ordularia eta txapela Joserentzat eta oroigarria, ordularia eta loreak Mariarentzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide