Getariarrak bidelagun izan nahi ditu Getariako Udalak Munduaren Lehen Biraren 500. urteurrenean

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko ekainaren 5a

Elkano azalpenak ematen herritarren aurrean. (Aiora Larrañaga/Hitza) Larunbat arratsaldean 2019-2022 Munduari Lehen Bira, 500. urteurrena proiektua aurkeztu zien Getariako Udalak getariarrei. Aurreko hilabeteetan udala proiektuaren lanketa egiten aritu da, eta dagoeneko zehaztu du bide orria. Bide horretan gainontzeko euskal erakundeen eta herritarren parte-hartzea ezinbestekoa dela uste dute Getariako Udaleko ordezkariek, eta eragile horiek ekimenarekin bat egitea eta inpliatzea nahi dute. Lehenengoekin duela bi aste bildu zen Getariako Udala Cristobal Balenciaga Museoan egin zen ekitaldi instituzionalean; hitzordu horren helburua proiektuaren inguruan harremanak "lotzea, sendotzea eta bideratzea" izan zen. Bertan izan ziren besteak beste, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olano eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Larunbateko aurkezpena berriz, herritarrei zuzendua izan zen. Getariarrei proiektuaren berri eman zieten, eta hemendik aurrera abiatuko duten ibilbidean parte-hartzeko eeskatu. Ildo horretan, larunbat arratsaldean herritarrei egin zitzaien aurkezpena, euskal erakundeetako ordezkariei egin zitzaienaren antzekoa izan zen. Lehenengo Juan Sebastian Elkanok nor zen eta nondik zetorren kontatu zuen, bere familiaren inguruko informazioa eman, eta bere itsas bidaien inguruan aritu zen. Iker Azkue zinegotzia. (Aiora Larrañaga/Hitza) Ondoren Iker Azkue zinegotziak sarreratxo bat egin zuen. "Gure ustez Munduaren Lehen Biraren 500. urteurrenak aukera berriak zabaltzen dizkio Getariari. Herriaren garapen sozio-ekonomikoari bultzada handia eman liozaioke. Garapena bere zentzu zabalean ulertuta, gure historia eta itsas ondarearen ezagutza, kultur arloan zabalduko diren aukerak, herriaren promozio turistikoa eta hezkuntza arloko proiektuak lantzeko aukera" besteak beste. Horregatik, Getariak Udalak uste du herritarrak inplikatzea eta proiektuari beren ekarpenak egitea ezinbestekoa dela. Bestalde, Xabier Alberdi historialariak mende bat atzera egin zuen denboran, eta  Munduaren Lehen Biraren 400. urteurrena ospatzeko Getarian antolatu zen Monumentu Lehiaketaren inguruan aritu zen. Herritarrek ezagutzen ez zituzten xehetasunak kontatu zituen aurkezpenean historialariak, eta nabarmendu zuen gaur egun bezala, duela 100 urte ere 400. urteurreneko ospakizunak oso garrantzitsuak izan zirela herriaren garapenarentzat. Nika Lertxundi Getariako alkatea hitzaldia ematen. (Aiora Larrañaga/Hitza) Azken hizlaria Nika Lertxundi alkatea izan zen, eta honek erakundeetako ordezkarien aurrean eman zuen hitzaldi bera eskaini zien herritarrei ere, abiatuko duten ibilbidean herritarrak bidelagun izatea ezinbestekoa dela uste baitu Getariako alkateak. Aurkezpenari maiaera emateko Cristobal Balenciaga Museoan ikusgai den Amestutako Elkanoren Monumentua erakusketan barrena bisita gidatua egin zuten herritarrek Xabier Alberdi historialariak gidatuta. Aurkezpenean bildu ziren herritarrek adi-adi jarraitu zituzten hizlarien esanak. (Aiora Larrañaga/Hitza)  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide