Gure Esku Dagoko kideek eta herriko 34 eragiletako ordezkariek argazkia atera dute gaur erabakitzeko eskubidearen aldeko atxikimendua adierazteko. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Larunbatean Getariako Gure Esku Dagok Adierazpen Eguna ospatu du, eta erabakitzeko esubidearen aldeko aldarriarekin bat egin duten eragileekin argazki erraldoia atera dute frontoian. Argi utzi dute asmoa: "Euskal Herrian martxan hasi den olatu horretara batzen joango gara". Bihar Euskal Herriko 34 herritan, tartean Azpeitian, herri galdeketak egingo dituzte, eta getariarrek ere bide hori jarraitzea dute helburu. "Getarian ere gure etorkizuna libreki erabaki nahi dugu, gure herriko gizartearen gehiengo oso zabala erabakitzeko eskubidearen alde dago eta horren adierazle gara hemen gauden herriko talde eta elkarte guztiak".
Ildo horretan, datorren udaberrian Getarian ere galdeketa egin nahi dute. Horretarako, Getariako Gure Esku Dago taldea udazkenean "gogor lanean" hasiko da: sinadurak biltzen, galdera adosten, parte-hartzea bultzatzeko ekimenak egiten eta herriko eragile eta alderdiekin hitz egiten. Dena dela, herritar ororen laguntza ongi-etorria izango dela argi du Getariako Gure Esku Dagok, eta getariarrak prozesuan parte hartzera gonbidatu dituzte.
Bestalde, adierazi dute "normaltasun osoz" eman nahi diotela bidea herriaren borondateari. "Erabakitzeak egiten gaitu herri; erabakitzeak elkarrizketari begira jartzen gaitu, elkar onartzea eta errespetatzea ekartzen digu". Ildo horretan uste dute, "erabakia elkarrekin eta herritarron parte-hartzearekin hartuz gero, zilegia eta herritarrok onartua izango dela, emaitza edozein dela ere".
"Borondatea ehundu, bidea adostu eta etorkizuna erabaki", hiru urrats horiek osatzen dute Getariako Gure Esku Dagoren bide orria. "Etorkizunari begira gaude, unean uneko pausoak emanez. Eta orain iritsi da unea. Hartu dugu olatua, galdeketaren olatua eta erabakitzen hasi gara".
Ekitaldia bukatu denean, hitzorduan bildu diren norbanakoak argazkira gehitu dira eta familia argazki erraldoia atera dute. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Hurrengo eragileek egin dute bat erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriarekin:
- Herriko Guraso Elkartea
- Zanbuka Eskolako Guraso Elkartea
- Plaieroak neskak
- Getariako Udala
- Getaitri
- Surf Elkartea
- Plaieroak mutilak
- Gure Txeru
- Dantzariak
- Musikariak
- Mendi Taldea
- Irakurle Taldea
- Indauxeko langile komitea
- Bertsolariak
- EAJ
- Arraun Elkartea
- Salbatore Abesbatza
- Urritza
- Kempo
- EH Bildu
- Musika Eskolako Elkano Abesbatza
- Karta Soziala
- San Prudentzio
- Meagako Artelatz Elkartea
- Zaharren Elkartea
- Txori Tonpe elkartea
- Mariñelak elkartea
- Ixkote elkartea
- Babexa Dendarien Elkartea
- Herri Eskolako Irakasleak
- Gaztetxea
- Katxapo
- Gazte Alaiak
- Getabat