Ekitaldi instituzionalean Elkano gutuna idazten Carlos V erregeari. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Astearte arratsaldean Juan Sebastian Elkano getariarrak munduari lehen bira eman zioneko 500. urteurrenaren ospakizunen harira ekitaldia egin zuten Getariako Cristobal Balenciaga Museoan. Erakundeetako hainbat ordezkari bildu zituen hitzorduak, eta Getariako alkate Nika Lertxundik, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanok eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hartu zuten hitza. Azken honek jakinarazi zuen, galdutzat ematen ziren Juan Sebastian Elkanoren zortzi jatorrizko dokumentu aurkitu dituztela Aiako Laurgain dorrean. Duela hilabete gutxi topatu dituzte Euskadiko Artxibo Historikoko ikerlariek, Laurgain dorrea antolatzen ari zirela. Ildo horretan, zehaztu zuen dokumentazio hori ikusgai jarriko dutela Getarian, Elkanok munduari lehen bira eman zioneko 500. urteurrenaren harira antolatutako erakusketa batean.
Dokumentuen artean dago, Juan Sebastian Elkanok 1522ko irailaren 6an munduari bira eman ostean Sanlucar de Barradematik (Andaluzia, Espainia) Carlos V. erregeari idatzi zion gutuna, bere bidaiaren berri emanez. Hain zuzen ere, gutun horretako zati bat irakurriz hasi zuten asteartean Getarian ekitaldi instituzionala.
Gutunean nabigatzaile getariarrak erregeari kontatzen dio: 1519an, Magallanes kapitainaren gidaritzapean, bost ontzitan banatuta bidaia abiatu zuten 200 marineletatik, hamazortzik soilik lortu zutela etxera bueltatzea, hiru urteko bidaiaren ondoren eta Elkanok gidatuta. Magallanes kapitaina eta beste hainbat marinel bidaian hil ziren. «Munduaren borobiltasuna aurkitu dugu, mendebalderantz joanez eta ekialdetik etorriz», zioen Elkanok gutunean.
Erakundeetako ordezkariak Elkanorekin Cristobal Balenciaga Museoan. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Elkanoren gaurkotasuna
Urkulluk Juan Sebastian Elkanok duela bost mende idatzitako hitzak ekarri zituen gogora Getarian, «gaurkotasun osoa» dutela adieraziz: «Gaur egun jakin badakigu mundua borobila dela, baina gure enpresek munduan zehar dihardute aurkikuntza berrien bila, gure herriarentzat aukera berriak bilatzen». Ildo horretan, «ahaleginak, lanak eta talde lanak» duela 500 urte izan zuten garrantzia azpimarratu zuen. «Egun jakin badakigu ahaleginik gabe ez dugula etorkizunik. Lanaren bidez lortu zen munduari bira ematea, eta duela bost mende helarazitako mezuak bizi-bizirik dirau euskaldunen artean, balio horiek oinarri baititugu egun mundu globalean aurrera jarraitzeko».
Harremanak sendotuz
Nika Lertxundi Getariako alkateak azaldu zuen munduari lehen itzulia eman zitzaioneko 500 urteurren ospakizunetarako «harremanak lotzeko, sendotzeko eta bideratzeko» bildu zirela euskal erakundeetako ordezkariak asteartean Getarian. Eta Getariako bertako udalbatzar aretoan dagoen esaldiari erreferentzia egin zion: «
Nondik gatozen ikertuz soilik jakin dezakegu non gauden; eta non gauden hausnartuz bakarrik jakingo dugu nora goazen».
Lertxundiren esanetan esaldi horrek ederki adierazten du egungo egoera. «Ez da kasualitatea munduari bira eman zion espedizioan euskaldunek izan zuten garrantzia ontzigintzan, espedizioren antolakuntzan eta marinelei dagokionean». Alkatearen ustez horrek lotura zuzena du «euskal kulturak eta herriak itsasoaren inguruan duten izaera sortzaile, antolatzaile eta ekintzailearekin». Ildo berean, Lertxundik esan zuen: «Ezin da ahaztu, ezta ukatu ere gure arrantzaleek, marinelek eta herriak duten itsas jakinduria, lehen eta orain».
Elkanoren eredua ardatz
Markel Olano ahaldun nagusiak gogorarazi zuen Elkanoren figura oso garrantzitsua izan dela gipuzkoarrentzat, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinean bertan hainbat aipamen dituela Juan Sebastian Elkanok, gipuzkoar esanguratsu moduan: «Elkano gipuzkoarron nortasunaren parte garrantzitsua izan da, baina eragin hori txikitzen joan da, eta egun gazteen artean ez da horren ezaguna. Horregatik, uste dut, 500 urteurrenaren harira Elkanoren figura eta horrekin lotuta dagoen tradizioa belaunaldi berriei transmititzeko ahalegina egin behar dugu».
Olanok gogorarazi zuen, duela 400 urte, 4. mendeurrena ospatu zenean Gipuzkoako Foru Aldundiak parte hartu zuela garaian antolatu ziren ekitaldietan. «Orain ere konpromiso osoa hartu dugu, eta beste erakundeekin elkarlanean euskaldun guztion altxor zoragarria aldarrikatu nahi dugu». Getariako alkateak hitz gutxitan adierazi zuen 500. urteurreneko bidea. «Elkanok lortutakoa eredutzat hartuta, zabal ditzagun Getaria, eskualdea, Gipuzkoa eta Euskal Herria, Europara eta mundu osora».
Xabier Alberdi historialaria 'Amestutako Elkanoren monumentua' erakusketan politikariei azalpenak ematen. (Aiora Larrañaga/Hitza)
‘Amestutako Elkanoren monumentua’
Cristobal Balenciaga Museoan ikusgai dago Amestutako Elkanoren Monumentua erakusketa. Bertan, Elkanok munduari lehen bira eman zioneko 400 urteurrena ospatzeko Getarian antolatu zen monumentu lehiaketako proiektu irabazlearen bozetoak eta irudiak ikus daitezke. Xabier Alberdi historialariak azaldu zuenez, garaiko intelektualak, politikariak eta artistak bat etorri ziren eta pentsatu zuten Elkano ezagutzera emateko modua izan zitekeela Getarian Elkanoren omenezko monumentu erraldoia egitea, «New Yorken Askatasunaren monumentua dagoen bezala». Horretarako monumentu lehiaketa antolatu zuten, eta garaiko arkitektu ospetsuenek hartu zuten parte. Lehiaketako irabazlea Miguel Martin Fernandez de la Torre izan zen, eta haren planoak eta irudiak ikus daiteke orain Getarian. Jatorrizko monumentuak 52 metro zituen eta San Anton mendian eraikitzea zen asmoa. Dena dela, proiektua ez zen errealitate bihurtu, hori egiteko behar zen finantziabiderik lortu ez zutelako.