Gaur, 19:00etan, Getariako Ulpiano Etxean, Jose Angel Cuerda abokatu eta politikari ohiak hitzaldia emango du. Elan-Euskadik antolatutako jardunaldietan ariko da.
%0,7tik etxegabekoetara hitzaldia emango duzu. Zeren inguruan hausnartu nahi duzu?Nazio Batuen Erakundeak herrialde industrializatuei proposatu zien Barne Produktu Gordinaren %0,7 garapen bidean dauden herrialdeei laguntzera bideratzeko. Hitzaldiaren lehen zatian lankidetza laguntza horren inguruan arituko naiz, eta Gasteizko alkate izan nintzenean arlo horretan izan nuen esperientziatik abiatuta hausnarketa egingo dut. Duela 16 urte utzi nion Gasteizko alkate izateari, eta ondoren gertatu denaren inguruan ere hitz egingo dut. Izan ere, orain dela zortzi urte Bizitze Berria izeneko elkartea sortu genuen, beste hainbat lagunekin elkarlanean, etxerik gabekoen gizarteratzea bideratzeko. Hortik abiatuta, gizarte-bazterkeriaren gaia jorratuko dut, eta horri irtenbidea emateko elkartetik egiten dugun lana azaldu. Testuinguru horretan, egun pil-pilean dauden gaiak ere aipatuko ditut: besteak beste, errefuxiatuak, immigranteak, eta pobrezia.
Uste duzu okertu egin dela herritarren egoera sozio-ekonomikoa?
Azken urtetan krisi hitza hitzetik hortzera darabilgu. Normalean alderdi ekonomikoari erreferentzia egiteko erabiltzen dugu kontzeptua. Nik uste dut, ordea, krisiak gizarteko hainbat esparrutan eragin duela, ez ekonomian soilik: politikan, kulturan eta erligioan, besteak beste. Aldaketez betetako garaian bizi gara; zenbaitek diote trantsizio garaia dela, baina uste dut kontzeptu hori ez dela zuzena, etengabe mundua aldatzen ari denez, ez baita zehatza. Aipatutako krisien artean, ekonomikoa da larriena: pobrezia egoera areagotzen ari baita, oinarrizko pobrezia edo pobrezia energeti- koa modukoak sortu dira, eta bazterkeria handitu da. Gainera, pobreziak hezkuntzan, kulturan eta erlijioan ere eragina izan du.
Garai gogorra bizi dugu, beraz.
Bai, baina beste hainbat garaietan ere egoera oso zailak bizi izan dituzte. Historian zehar gizakia etengabe saiatu da bere bizimodua atseginagoa egiten, baina komunitate osoaren ongizatea bermatzen ahalegintzean dago gakoa. Herria edo hiria da komunitaterik gertukoena, ondoren estatua eta mundua egongo lirateke. Garrantzitsua da komunitatearen barruan, eta herrialdeen artean solidaritate izaera berreskuratzea.
Komunitateaz hitz egin duzu. Garrantzitsua al da komunitate kontzeptua herritarrentzako?
Valentziako Unibertsitateko Filosofia Katedradun Adela Cortinak dio: «Gizakia pertsona egiten dela komunitatean». Kontraesana dirudien arren, besteen babesa behar dugu norberaren autonomia lortzeko. Komunitate mota asko daude. Alde batetik, familia, jaiotzen garen familia eta gero sortzen duguna. Bestetik, lehen aipatu ditugun komunitate politikoak. Gizateria sortu zenetik gizakia komunitateetan bildu da, eta gizabanakoak ongizatea bertan lortu dezake soilik. Nire iritziz, oinarrizko komunitate politikoa udalerria da, eta gizakiaren ongizateaz hitz egiten dugunean hortik abiatu behar dugu lanketa. Horretaz gain, ez da ahaztu behar eskubideez gain komunitatearekiko betebeharrak ere baditugula gizakiok.
Uste duzu beharrezkoa dela gizartea aukera gutxien dituzten kolektiboen egoerarekiko sentsibilitzatzea?
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak dio gizaki guztiok eskubide berak ditugula, eta gure artean anaitasunez jokatu behar dugula. Solidaritate hori beharrezkoa da bazterkeria, marginazioa eta pobrezia sufritzen ari diren kolektiboei lagundu ahal izateko. Ildo horretan, pasa den egunean irakurri nuen «arrazismoaren forma berria, indiferentzia dela», eta ados nago aipu horrekin. Izan ere, gizartearen zati bati ez zaio axola gertatzen zaiena immigranteei, pobrezia bizi dutenei edo bazterkeria jasaten dutenei. Joera hori hautsi behar dugu, eta horretarako bide asko daude: agurtzetik hasi, eta ekonomikoki laguntzeraino. Bide horretan, erakunde publikoen papera ezinbestekoa da. Argi izan behar dugu, gizarte osoaren ongizatea lortu ahal izateko aukeratzen ditugula herritarrok erakundeetako ordezkariak. Hori da helburua. Beraz, beharrezkoa da erakundeek gizar- te osoari bizimodu duina izateko baliabideak ematea. Jakin badakit teoria oso erraza dela, eta praktikan zailtasun asko sortzen direla. Horregatik, egoeraren inguruan hausnartu eta urratsez urrats joan behar dugu.
Kontraesanez betetako gizarte batean bizi al gara?
Balioen krisian murgilduta dago gaur egungo gure gizartea. Duela hogei urte gertatzen ez ziren gauzak gertatzen dira gaur egun. Ni neu, esaterako, futbolak duen arrakastarekin harrituta nago. Milioika lagun joaten dira futbol zelaietara, futbolean jokatzeagatik dirutza irabazten duten kirolariak jarraitzen dituzte. Gizartearen erreferente zientzialariak, ikerlariak, poetak edo artistak izan beharrean, milioika euro irabazten dituzten futbolariak dira jendearentzako erreferenteak.