Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarau berezia prestatu dute Cristobal Balenciaga Museoan

Getariako Hitza 2016ko maiatzaren 12a

Cristobal Balenciaga Museoa. (Aiora Larrañaga) Maiatzaren 18an, datorren asteazkenean, Museoen Nazioarteko Eguna izango da, eta Cristobal Balenciaga Museoak ateak irekiko ditu, herritarrek  doan erakusketak ikusteko aukera izan dezaten. Gainera, nahi dutenek bisita gidatuak ere antolatu dituzte: 12:30ean izango da gaztelaniazkoa, eta 15:30ean euskarazko saioa. Museotik azaldu dute, bisita gidatuetan parte hartzeko museoko harrera lekuan izena eman behar dela bisita hasi baino ordubete lehenago. Bestalde, maitzaren 21 eta 22ko astebururako ere egitarau berezia prestatu du Getariako museoak. Aurtengoan Museoen Nazioarteko Eguneko gaia Museoak eta paisaia kulturala izango da. "Modu horretan, museoa protagonista aktiboa bihurtu, eta inguruko paisaiari egin diezaioken ekarpenean sakondu" nahi dute. Ildo horretan, astebururako hainbat ekimen antolatu dituzte museoa bere inguruarekin erlazionatuz. Alde batetik, Cristobal Balenciagak eta Getariako Udalak elkarlanean, maiatzaren 21erako Juan Sebastian Elkanoren eta Cristobal Balenciagaren figurak ezagutzeko bisita gidatua prestatu dute. Parte-hartzaileek lehenengo Balentziagaren museoa ezagutuko dute, eta ondoren Getariako Alde Zaharrean barrena bisita egin. 12:00etan euskarazko saioa egingo dute, eta 16:30ean gaztelaniazkoa.
2019ean Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman zioneko 500. urteurren ospatuko da, eta V. mendeurrena ospatzeko antolatuko den lehen erakusketarekin erlazioa du Elkano eta Balentziaga ardatz dituen bisita gidatuak. Emestutako Elkanoren monumentua erakusketa maiatzaren 22an zabalduko dute Aldamar Jauregiko bigarren solairuan. Bertan, Elkanok munduari bira eman zioneko 400. urteurrena ospatzeko antolatu zuten momumentu lehiaketara aurkeztu ziren bozetoak eta diseinu irabazlea ikusteko aukera izango dute herritarrek. Antolatzaileek nabarmendu dute, diseinu originalak ez duela zerikusirik gaur egungoarekin.
Bestalde, maiatzaren 22rako, Cristobal Balenciaga Museoak familia jolasa antolatu du herrian barrena. Parte-hartzaileek hainbat proba gainditu beharko dituzte, eta modu horretan Balentziagaren eta Getariaren inguruan duten ezagutza zabaldu. Museotik jakinarazi dute jarduera 6-12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dagoela. Maiatzaren 21rako eta 22rako antolatutako ekimenetan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik 943-008840 telefonora deituta edo didaktika@cristobalbalenciagamuseoa.com helbidera idatzita. Jardura guztiak doakoa dira.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide