Juanjo San Miguel eta Gorka Landaburu kazetariak, Jose Angel Cuerda abokatu eta politikaria eta Basque Lifeguards taldeko kideak izango dira hizlariak. Astelehenean izango da lehen saioa.
Datorren Asterako jardunaldia antolatu du Elan-Euskadi Gobernuz Kanpoko Erakundeak, Getarian. Aurten errefuxiatuen gaia hartuko dute ardatz eta herritarrek horren inguruan hausnartzeko hitzaldi saioak antolatu dituzte. ELAN-Euskadiko kideek uste dute migrazioaz informazio «murriztua eta desitxuratua» ematen dela, «errefuxiatuak atzo sortutakoak balira bezala eta siriarrak bakarrik baleude bezala aurkezten dira. Euskaldunok ere migratu izan dugu garai ezberdinetan, azkena duela hamarkada gutxi».Ildo horretan, gogorarazi dute, historian zehar, migrazioak «aniztasun aukerak» izan direla, «aberastasun sozio-kulturala eta ekonomikoa lortzeko aukera, baina arazo bihurtzen dituzte zenbaitek. Zein da berritasuna? Hedabideetan ikusi ditugula gure Europara iristen; gutxi batzuk izan arren, badirudi tsunamia dela. Egia bestea da, ordea, migrante gehienak Afrikan eta Asian daude, herri pobreagoetan hartuak», azaldu dute ELAN-Euskaditik.
25 urte leihoak zabaltzen
Aurtengoa Elan-Euskadiren 23. jardunaldia izango da, eta bi hamarkadatan zehar munduari zabaldutako leihotxoak ireki dituzte. «Ikuspuntu berriak proposatu nahi dizkiogu inguruko jendeari; ez ditugu erantzunak ematen, zer pentsatua baizik». Horretarako punta-puntako hizlariak ekartzen dituzte urtero. «Adituak edota arituak izaten dira, komunikatzen dakitenak. Aurtengoek bi ezaugarriak betetzen dituzte. Aldez aurretik gonbidapena onartu izana eskertu nahi diegu».
Atzera begiratuta 25 urtetan zehar egoera gutxi aldatu dela uste dute, «lehen zeuden beharrak eta orain daudenak berdintsuak dira: pobretuak eta aberatsak, migranteak eta hesiak, gerra sortzaileak eta gerrak zanpatuak… Injustiziak bere horretan dirau».