Maiatzaren 28an, Euskal Jai Eguna egingo dute Getarian eta, trikitilari gazteen txapelketa jokatuko dute egun horretan. 18 urte bitarteko gazteek parte hartu dezakete norgehiagokan; sei bikoterentzat tokia izango da txapelketan, beraz bikote gehiagok izena ematen badute, kanporaketa jokatuko dute txapelketaren aurretik.
Txapelketan parte hartu nahi duten gazteek Getariako Udalean bertan, 943-896024 telefonora hots eginda edo kultura@getaria.org helbidera idatzita eman dezakete izena maiatzaren 18a baino lehen.
Tritilari bikote bakoitzak hiru pieza jo beharko ditu txapelketan: Trikitia eta Pot-pourria derrigorrezkoak izango dira, eta Arin-arin, Fandango eta Porrusaldaren artean bat aukeratu beharko dute parte-hartzaileek. Epaimahaiak piezen zailtasuna, trikitilarien arteko bat etortzea, kantua, dantzagarritasuna eta pandero-jotzailearen lana kontuan hartuko ditu balorazioa egiterakoan. Trikitilariek, berriz, baserritar arropa jantzita eraman beharko dute txapelketan parte hartzeko.