Elkanoren omenezko monumentua Getarian (Aiora Larrañaga/Hitza)
2019an Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman zioneko 500 urteurrena ospatuko da, eta pasa den asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusiek Osoko Bilkuran egitasmoa babestea eta indartzea onartu zuten aho batez. Bileran izan ziren Getariako Udaleko ordezkariak: Nika Lertxundi alkatea, eta Floren Iribar, Aitor Urresti eta Barbara Azkue zinegotziak; baita Urola Kosta Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturain ere.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Getariako Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean 500 urteurrenaren harira programa antolatzeko konpromisoa hartu du. Izan ere, 2015eko azaroan Eusko Legebiltzarrak ere bat egin zuen urteurren egitasmoarekin.
Bestetik, onartu dute 5. mendeurrena ospatzeko ekitaldiak Juan Sebastian Elkanok egin zuen bidaiarekin harremana duten beste herri eta lurraldeekin partekatzea, eta UNESCOren Munduko Ondarearen zerrendan Magallanes-Elkanoren ibilbidea barneratzeko ahalegina egitea.
Horrez gain, foru aldundiak 2017tik aurrera Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman zioneko 500 urteurrena egitasmoarentzat aurrekontu-partida zehatza izatea onartu dute.