Aurten «sentipen gazi-gozoa» dute arrantzaleek antxoaren kanpainarekin

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko maiatzaren 10a

Antxoa kanpainaren balorazioa egin dute Eusko Jaurlaritzak eta kofradietako ordezkariek. Asteburuan jendetza bildu da Getarian Antxoa Eguneko ekitaldietanAntxoa izan zen asteburuan protagonista Getarian. Ostiral eguerdian abiatu zuten jaia Antxoa Egune...

Antxoa kanpainaren balorazioa egin dute Eusko Jaurlaritzak eta kofradietako ordezkariek. Asteburuan jendetza bildu da Getarian Antxoa Eguneko ekitaldietan

Antxoa izan zen asteburuan protagonista Getarian. Ostiral eguerdian abiatu zuten jaia Antxoa Eguneko ekitaldi instituzionalarekin, eta igandea bitartean hamaika ekitaldi egin zituzten herrian. Besteak beste, urtero jendetza biltzen duen antxoa dastaketa egin zuten ostiral iluntzean frontoian, eta igandean Karmengo Amarbirjinaren prozesioa eta itsas bedeinkapena Artzapen. Trainerilla estropadak ere aurreikusita zeuden hasiera batean, baina igande goizeko haize boladen ondorioz bertan behera geratu zen kirol proba.

Urtero Antxoa Egunean Getariako Elkano Arrantzaleen Kofradiak Zilarrezko Antxoa aipamenarekin omentzen ditu arrantza sektorearekin zerikusia duten hainbat lagun. Aurtengoan Manuel Gorostiagak, Jose Ignacio Espelek eta Karlos Argiñanok jaso dute Zilarrezko Antxoa aipamena: «Beren ibilbidean zehar antxoa, bertako produktuak eta arrantzaleen lana sustatzeko egin duten ahaleginagatik». Argiñanok ezin izan zuen ekitaldian izan, baina bere seme Zigor Argiñanok jaso zuen oroigarria.

Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako saiburuorde Bittor Orozek antxoaren kanpainako datuak aurkeztu zituen Getariako Antxoa Egunaren harira. Bertan azaldu zuenez, Euskadiko arrantzaleek 8 milioi kilo antxoa harrapatu dituzte kanpaina hasi zenetik, eta batez beste kiloa 1,75 euroko prezioan saltzen ari dira. «Kanpaina espero genuena baino lehen hasi da, antxoa ugari eta kalitate onekoa harrapatu dute arrantzaleek kostaldetik gertu», adierazi zuen Orozek.

Horrez gain, Bizkaiko Golkoan dagoen antxoa gazte kopurua aztertzen duen Juvena kanpainako emaitzek agertu dute antxoa une egokian dagoela egun. «Antxoaren espeziea bere onera etorri da», berretsi zuen Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, eta azken astetan arrantza kopurua horren adierazgarri dela adierazi zuen.

Prezio «txikia»

Emeterio Urresti Getariako Elkano Kofradiako lehendakariaren esanetan, kanpaina arrantza kopuruari dagokionean ona izaten ari da, «inoiz baino antxoa kilo gehiago harrapatu dugu garai honetarako». Dena dela, «sentipen gazi-gozoa» dute arrantzaleek. Izan ere, antxoa prezio txikian saltzen ari dira. «Aurten arrainaren tamaina txikia da, eta horrek ez du balio kontserbarako. Freskoan saltzeko kilo gehiegi arrantzatu ditugu, eta prezioak behera egin du nabarmen. Arraina handiagoa izango balitz, egoera bestelakoa izango litzateke, baina itsasoak bere mugak jartzen ditu eta haren eskuetan gaude. Itsasoa ez da arrain-haztegi bat, eta berak ematen duena arrantzatu behar dugu».

Bestalde, gustura dago Getariako Elkano Kofradiako lehendakaria antxoaren biomasa hazi egin delako. «Antxoa errekuperatu zedin, antxoa arrantzatzeaz utzi genion hiru-lau urtez. Arraina ondo berreskuratu da, eta erabaki zuzena izan zela erakutsi du denborak. Orain arrantzaleok neurriak hartu behar ditugu biomasa horrek osasuntsu jarraitu dezan».

Ildo horretan, Bioman kanpaina abiatu du AZTIk Bizkaiko Golkoan dagoen antxoa populazioa kalkulatzeko. Joan den ostegunean hamabost ikertzaile antxoaren ugalketa eremua ikuskatzera atera ziren, eta egunean sortzen den antxoa arrautza kopurua aztertu zuten antxoa populazioa kalkulatzeko. Bioman azterketa udazkenean egiten den Juvena kanpainaren osagarri izango da. Azterketa horrek antxoa gazte kopurua zenbatuko du, datorren urteko arrantza kanpainan horiek arrantzatzeko moduan izango baitira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide