[caption id="attachment_298100" align="aligncenter" width="300"]

az jendetza bildu zen Getariako frontoian Antxoa Eguneko dastaketan. (Aritz Mutiozabal)[/caption]
Bihar Antxoa Eguna ospatuko dute Getarian, eta aurtengoan elkartasun aldarria izango du. Izan ere, bihar arratsaldean antxoa dastaketan biltzen den dirua Siriako gerratik ihesi Europako mugetan noraezean geratu diren errefuxiatuei laguntzera bideratuko dute. Horretarako Getariako Elkano Arrantzaleen Kofradiak Zaporeak Solidario proiektuarekin bat egin du, eta Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteak martxan duen ekimena diruz lagunduko du. Donostiarrek kanpalekua jarri dute Greziako Chios irlan, eta janaria prestatzen dute egunero bertan dauden errefuxiatuen artean banatzeko: egunean 800-1000 otordu inguru.
Zaporeak Solidario proiektuak aurrera jarraitu dezan oso garrantzitsua da erakundeen laguntza, eta, bide horretan, Getariako kofradiak bere hondar alea jarri nahi izan du. Gainera, Getariako Txakolina Jatorri Izendapenak, Zapiain Sagardoak eta Izarri okindegiak ere proiektuarekin bat egin dute, eta Antxoaren Festarako beharko diren
produktuak doan emango dituzte.
Getariako Elkano Arrantzaleen Kofradiak herritarrak Antxoa Eguneko festan parte hartzera gonbidatu ditu, bihar 19:00etatik aurrera modu desberdinetan prestatuko antxoak dastatzeko aukera izango baita Getarian.
«Lehen Getarian 20 antxoa fabrika zeuden, horietatik nik jarraitu dut»
MANUEL GOROSTIAGA - Omendua
Bihar Antxoa Egunean omenaldia egingo dizute Gorostiaga Anaia enpresak izan duen ibilbide luzea aitortzeko. Garrantzitsua al da zuretzat Zilarrezko Antxoa jasotzea?
Horrelako omenaldiak politak izaten dira. Poza ematen du Getariako Arrantzaleen Kofradia guk hainbeste urtetan egindako lanaz gogoratu izana, eta hori aitortzea. Horrelakoak gogoan izaten dira beti.
Urte asko daramazkizu sektorean. Nola hasi zinen?
Ni jaio aurretik aitak antxoren sektorean egiten zuen lan, langile moduan. Gero, 10 urte inguru nituenean antxoa fabrika sortu zuen; orain 70 urte ditut, beraz 60 urte inguru dira zabalik dela. Beti horretan aritu gara, portuko gorabeherak gertutik jarraituz.
Asko aldatu al da sektorea urte hauetan guztietan?
Dena aldatu da. Garai batean, Getarian 20 antxoa fabrika zeuden, haietatik bakarrik geratu naiz, baina azken urteetan pare bat berri ireki dituzte. Sektore zaila da, antxoa denboraldia laburra da, eta urte guztia horretatik bizitzea oso zaila da; horregatik guk antxoa fabrika dugu eta arrain banatzaileak ere bagara.
Horrez gain, azpiegiturak eta fabrikako manipulazioa bera ere aldatu egin dira. Garai batean sotoetan izaten genituen antxoa fabrikak, orain, berriz, pabiloiak egokitzen dira horretarako. Lehen antxoa jaso ahala gazitu egiten zen, eta egun askotan zehar egoten zen gatzetan. Orain, kameran egoten da izotzetan, eta behar denean ateratzen da. Prozesua desberdina da.
EGITARAUA
Bihar, maiatzak 6
- 12:00. Elkano Arrantzaleen Kofradian Zilarrezko Antxoarekin omenduko dituzte Gorostiaga Anaiak CB, Karlos Argiñano eta Jose Ignacio Espel.
- 12:30. Gure Txeruko dantzariek aurreskua omenduei. Getariako abesbatzak Antxoaren ereserkia eta Boga-boga abestuko dituzte.
- 18:30. Getariako trikitilari taldea eta Gure Txeruko dantza taldearen emanaldia, Gazte Alaiak txistulari taldearekin.
- 19:00-21:00. Antxoa dastaketa frontoian eta Sugarri txaranga kalez kale.
Maiatzak 7, larunbata
- Eguerdian. Antxuarekin egindako pintxoak dastatzeko aukera, Getariako tabernetan. Pintxoa eta edaria 2 euro.
- 18:30. Urrezko Aizkora, frontoian. Eguraldi txarra egiten badu kiroldegian izango da.
- 18:00-20:00. Sugarri txaranga.
- 20:30. Andra Mari abesbatza, Getariako parrokian.
Maiatzak 8, igandea
- 09:00. Diana, Getariako Musika Bandarekin.
- 11:00. Arrantzaleen meza, Getariako abesbatzak abestuta.
- Ondoren. Karmen Amabirjinaren prozesioa eta Itsas bedeinkapena, Artzapen. Arrantzale zaharrei omenaldia eta hamaiketakoa.
- 11:30. Estropada, Gipuzkoako Trainerilen Liga. VI. Antxua Eguna bandera.
- 13:00. Getariako Bandaren kontzertua, parrokian. Sarrera doan da.